FyTko kideen epaiketa gaur hasiko da

Guaixe 2015ko uzt. 13a, 08:31

Pintaketak salatzeko manifestazioa egin zuten Arbizun.

Gaurtik etzira bitartean epaituko dituzte Falange y Tradición taldeko hiru kide Espainiako Auzitegi Nazionalean. Talde terroristako kide izatea leporatu diete Javier Lopez Monreali, Jose Ignacio Irusta Sanchezi eta Borja Perez Illerari. Gutxienez 19 ekintzaren ardura leporatzen diete.

Mehatxu eta kalte terroristak egitea leporatzen die fiskaltzak eta haiendako zazpina urteko espetxe zigorra eta kaltetutako administrazioei ordaintzeko 4.500 euro eskatzen ditu. Arbizuko Udala auziko akusazio partikularretako bat da. Auzipetuetako batendako, Lopezendako, zigor handiagoa eskatzen du funtzionario publikoa izategatik: 14 urteko eta 6 hileko espetxe zigorra; Irustarendako 13 urte eta 6 hilabete eta Perezendako 12 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorrak eskatzen ditu Arbizuko Udalak.

Hasiera batean atxilotuak izan ziren beste hiru pertsonak ere epaituak izan behar ziren: Jagoba Aldama, Fermin Domingo Turrillas eta David Murillo Eslava. Baina Ismael Moreno epaileak haien kontrako jarduerak artxibatzea erabaki zuen. Akusazio partikular guztiak alferrik saiatu dira hiru pertsona horiek ere auzipetuen aulkian eserarazten.

Gertaerak
Horien artean dago 2009ko agorrilaren 20an Arbizun egindakoa. Egun hartan lau zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) agertu ziren idatzita Arbizuko udaletxeko fatxadan. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936.Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Urte hartako lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak.

Epaiketa duela hilabete bat egin behar zen. Baina epaituetako baten prokuradoreak auto istripua izan zuen maiatzean eta zauriak sendatu bitartean epaiketan ezin zenez egon, hura atzeratzea onartu zuen Fernando Grande Marlaskak.