Espainiako Auzitegi Nagusiak Falange y Tradición taldeko hiru kide mehatxu delituagatik zigortu ditu: Jose Ignacio Irustari bi urteko espetxe zigorra eta Javier Lopez Monreali eta Borja Perez Illerari urte eta erdikoa. Aurrekaririk ez dutenez bat bera ere ez da espetxera joanen.
Epaileen frogatutzat jo dute hirurek memoria historikoko oroigarrien kontra eta mehatxuak egin zituztela. Baina fiskaltzak eta akusazioek eskatu bezala delituak terrorismo gisa izendatzea ez dute egoki ikusi epaileek eta mehatxu gisa kalifikatu dituzte gertaerak. Mehatxatuei eta udalei kalte ordainak pagatu beharko dizkiete. Arbizuko Udalari 1.500 euro ordainduko dizkiote.
Arbizuko Udala auziko akusazio partikularretako bat izan da. Auzipetuetako batendako, Lopezendako, zigor handiagoa eskatu zuen funtzionario publikoa izategatik (idazkaria): 14 urteko eta 6 hileko espetxe zigorra; Irustarendako 13 urte eta 6 hilabete eta Perezendako 12 urte eta 6 hilabeteko.
Gertaerak
2009ko agorrilaren 20an Arbizun egindakoa dago epaitu dien gertaeren artean. Egun hartan lau zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) agertu ziren idatzita Arbizuko udaletxeko fatxadan. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936.Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Urte hartako lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak.
Epaiketa duela hilabete bat egin behar zen. Baina epaituetako baten prokuradoreak auto istripua izan zuen maiatzean eta zauriak sendatu bitartean epaiketan ezin zenez egon, hura atzeratzea onartu zuen Fernando Grande Marlaskak.