Udalak ez du FyT-ren epaia errekurrituko

Guaixe 2015ko ira. 18a, 11:40
Pintaketak salatzeko manifestazioa egin zuten Arbizun 2009an.

Arbizuko alkate Karmele Marañon Chascok jakinarazi digunez, udalak ez dio Falange y Tradición taldeko kideen epaiari helegiterik aurkeztuko. Espainiako Auzitegi Nagusiak epaitu zituen eta taldeko hiru kide sabotajeak eta mehatxuak egiteagatik zigortu zituen. Baina ez terrorismo delituagatik. Epaian jaso denez, zigortuek Arbizuko Udalari 1.500 euro ordaindu beharko dizkiote eta mehatxatuak izan ziren pertsona bakoitzari beste 1.000na euro. Horretaz aparte, epaiketaren kostuak haien bizkar gelditu dira.

Mehatxu delituagatik zigortutakoak dira: Jose Ignacio Irustari bi urteko espetxe zigorra eta Javier Lopez Monreali eta Borja Perez Illerari urte eta erdikoa. Aurrekaririk ez dutenez bat bera ere ez da espetxera joanen. Espainiako Auzitegi Nagusiko epaileek frogatutzat jo dute hirurek memoria historikoko oroigarrien kontra eta mehatxuak egin zituztela. Baina fiskaltzak eta akusazioek eskatu bezala delituak terrorismo gisa izendatzea epaileek ez zuten egoki ikusi.

Gertaerak
2009ko agorrilaren 20an Arbizun egindakoa dago epaitu dien gertaeren artean. Lau zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) agertu ziren idatzita Arbizuko udaletxeko fatxadan. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936.Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Urte hartako lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak.