Lau t´erdia: Ezkurdia Arretxeren gainetik pasa zen

Guaixe 2015ko urr. 5a, 10:52

Arbizuarrak Xala izango du aurkari larunbatean, 18:00etan, Miarritzen (ETB1, Nafar Telebista)

Asteburuan hasi zen lau t´erdiko txapelketa. Joseba Ezkurdia da txapelketa honetan dugun ordezkari sakandar bakarra eta arbizuarrak Iker Arretxe izan zuen aurkari Tolosako Beotibarren jokatutako partidan. Larunbata ez zen Iker Arretxeren eguna izan, inondik inora. Hasieran soilik aurreratu zen Arretxe II.a, 4 eta 3, baina hortik aurrera Ezkurdiak hartu zuen aginte makila eta ez zuen bukaerara arte askatu. Arbizuarrak 7 tantotan utzi zuen Arretxe.

Ezkurdiak, ia konturatu gabe, 12 tantoko partziala egin zuen eta 4 eta 15 aurreratzea lortu zuen. Arretxe ezinean zebilen, baina segidan bi tanto jarraian egitea lortu zuen, markagailuan 6 eta 15 hurbilduz. Baina hori ameskeria hutsa izan zen, Ezkurdia berriro tantoak bere aldera pilatzen hasi baitzen. Bukaeran 22 eta 7 gailendu zen arbizuarra.

Ezkurdiak Xala izango du hurrengo aurkaria lau t´erdian. Partida larunbatean jokatuko da, 18:00etan hasiko den jaialdiaren barruan, Miarritzen (ETB1, Nafar Telebista). Aurretik ikusita, partida hau ez du horren erraza izango arbizuarrak, aurreko koadroetan bikain ibiltzen baita Xala. Hortaz, partida konplikatua du aurretik arbizuarrak.