Ezkurdia: “Xalaren kontra asko hobetu beharko dut”

Guaixe 2015ko urr. 8a, 08:45

Lau t´erdirako final zortzirenetarako pilota aukeraketa egin zuten, Miarritzen, Joseba Ezkurdiak eta Yves Xalak

Joseba Ezkurdiak eta Yves Xalak larunbatean jokatuko dute lau t´erdiko final zortzirenetako partida. Biek dute gustuko distantzia motza. Ezkurdiak final laurdenetatik aurrera ezin izan du egin eta Xalak esperientzia askoz zabalagoa du; kaiolaren zirrikitu guztiak ezagutzen ditu eta finalerdietatik finalera egin nahi du salto behingoagatik. Gainera, aurten Xalarendako berezia izango da txapelketa, jokatu dezakeen azken aukera duelako. Atzo pilota aukeraketa egin zuten Miarritzen eta bi pilotariek inolako arazorik gabe aukeratu zituzten pilotak.

Biak sentsazio onekin
“Ondo aurkitzen naiz, baina jabetzen naiz kaiolak asko exijitzen duela, batez ere orain dauden pilotari gazteek jokatzen duten erritmoa ikusita. Ikusi beharra daukat nola moldatzen naizen. Miarritzen jokatzeak ilusio asko ematen dit” azaldu zuen Xalak. Ezkurdiak ere ongi zegoela onartu zuen “Sentsazio onak ditut. Arretxeren kontra uste baino errazago irabazi nuen, berak ez zuelako egun ona izan. Hala ere, Xalaren kontra asko hobetu beharko dut; partida oso desberdina izango da eta gehiago asmatu beharko dut” adierazi zuen Arbizuko aurrelariak, kaiola “asko gustatzen zaidan distantzia” dela gaineratuz. “Nire lehen helburua bete dut, txapelketan aurrera egitea. Lehen partidako tentsioak uxatu ditut, baina Xala gainditu nahi badut hobetu beharreko gauzak baditut. Xalak etxean jokatzen du eta horrek abantaila pixka bat ematen dio. Miarritzeko frontoia oso noblea da, lau t´erdirako egokia. Errestoa izan daiteke klabeetako bat eta asko mugitu beharko dut. Xalak eroso jokatzen badu teknikoki oso konpletoa da eta min asko egin nazake” nabarmendu zuen Ezkurdiak.