Gora txistorra!

Guaixe 2015ko urr. 9a, 09:53

VII. Txistorra Eguna ospatuko da Arbizun igandean, 10:00etatik aurrera.

Arbizuko Udalak herrian ekoizten den txistor bikaina ezagutzera emateko, atzera ere, Txistor eguna antolatu du. Monika Etxeberria zinegotziak arbizuarrendako egun berezia izatea espero du eta gainontzekoak etzi Arbizu bisitatzera gonbidatu gaitu. Batzuk eta besteak txistorra dastatzeko aukera izanen dute. 1,5 euroren truke txistor pintxoa eta baso bat ardo ondu eskuratzeko aukera izanen da. Guztira 100 kilo txistorra banatuko dituzte, Embutidos Arbizu, Flores Estekiak eta Laket Artesanos enpresek emanak. Arbizuko kale nagusian gazta, pastelak, eztia eta bestelako produktuak erosi eta dastatzeko aukera izanen da, jarriko diren 30 bat postuetan.

Txistor egunean 50 bat arbizuar ariko dira lanean aurten ere. Asko txistorra pintxoak eta ardoa banatzen ariko dira. Baina, gainontzekoak, txerriarekin eta txerrikiarekin zerikusia duten zereginetan ariko dira. Goizetik hildako txerria nola zatikatzen den erakutsiko da. Horrekin batera, tripota, txistorra, xaboia, lixiba, txantxigorri, sendabelarrak eta birikak nola egiten diren eta txerri hankak eta belarriak nola egosten diren erakutsiko dute besteek. Txerri hankak eta belarriak ondoren frijitu eta salgai jarriko dituzte. Bestalde, Argibidea elkartean pintxoak dastatzeko aukera izanen da.

Etziko ospakizunari aurre hartu diotenak eskolako eta ikastolako haurrak dira. Gaur Anastasio Razkin harategia bisitatu eta txistorra nola egiten den ikusiko dute. Hori gutxi balitz, txistorra ogitartekoa gosalduko dute. Astean zehar produktuaren inguruan hainbat jarduera izan dituzte.

Pintxo lehiaketa
Gaur despeditzen da txistorra pintxo lehiaketan izena emateko epea. Jatetxe, taberna, erakunde eta norbanakoak aurkeztu daitezke lehiaketara. Sukaldean txistorrarekin duten trebezia igandean 11:30etik aurrera erakutsi beharko dute. Lehiakideek Aldabide elkarteko sukaldean ari beharko dute eta pintxoaren 5 ale prestatu beharko dituzte. Txistor gutiziak epaituko dituztenak Javier Diaz (Alhambra jatetxeko sukaldari nagusia), Fernando Flores (Enekorri jatetxea), Castillo Suarez (idazlea), Manoli Artza (Artza jatetxeko sukaldaria) eta zozketa bidez aukeratutako arbizuar bat izanen dira. Haien epaiak irabazleari 300 euroko saria emanen dio.  

Egitaraua
10:00etan Txistor egunaren hasiera eta azokaren irekiera.
10:00etan Arbizuko fanfarrea herrian barna.
11:00etan Nafarroako Xapiru eskolako trikitilarien bilkura.
11:00etan Aatea plazan.
11:30ean Pintxo lehiaketaren hasiera.
13:30ean Pintxo lehiaketaren sari banaketa.
15:00etan Akabera eta azokaren itxiera.

Goizean zehar txistorrak, tripotak, txantxiorrak betiko eran nola egiten ziren ikusteko aukera izanen da.