Txistorra protagonista

Guaixe 2015ko urr. 12a, 10:39

Zazpigarrenez Txistor Eguna ospatu zen atzo eta aurrekoetan bezala jende ugari erakarri zuen Arbizura. Kale nagusian jarritako 30 postuetan denetarik erosteko aukera izan zuten arbizuarrek eta bisitariek. Txistorra ere, jakina. Eguneko produktua dastatzeko aukera izan zen. Arbizu Hestekiak, Laket eta Flores Hestekiak enpresek emandako 168 kilo txistorra pintxo modura banatu ziren. Eta haiekin batera baso bana ardo. 1,5 eurotan guztia.

Erosi eta jan-edanaz aparte, Txistor Egunak hainbat erakustaldi izan zituen: hildako txerria zatitzea; txerrikiarekin egindako hainbat produktu eta beste. Zotola eta han zeuden txerriak batez ere haurrak erakarri zituzten.

Sukaldaritza lehiaketa
Txistorra osagai nagusi zuten zazpi pintxo aurkeztu zituzten lehiaketara: Argibidea, Baxerri, Juanito, Kiroldegia, Olatzea eta Ekokanpina. Azken horrek eskuratu zuen 300 euroko saria. Epaimahaiak lehiaketara aurkeztutako pintxoen maila nabarmendu zuen eta irabazlearen inguruan adierazi zuen zapore oreka zuela. Aitziber Turunbai sukaldariak prestatutako pintxoak patata purea, gorringo likidoa eta txistorraz beteriko hostopila laranja eta pistatxo eta tipulin kurruskaridun kalabaza kremaz lagunduta.