Bukatu da

Guaixe 2015ko urr. 13a, 09:17

Ezkurdia eta Xala Binakakoan elkarren kontra aritu zirenean.

Lau t´erditik kanpo geratu da Joseba Ezkurdia, Xalaren kontra 22 eta 18 galdu eta gero

Larunbatean Miarritzen jokatutako lau t´erdiko final zortzirenetakoan partida ederra eskaini zuten Joseba Ezkurdiak eta Yves Xalak. Iparraldekoaren azken lau t´erdikoa izan zitekeela, fisikoki arazoak dituela eta beste entzun izan ditugu azkeneko asteetan, baina Xalak berak aste honetan esana zuen guztiz osatuta zegoela eta partida hau “ona” izango dela konfiantza handitzeko eta “segitzeko gogoz” zegoela. Eta hori agerian utzi zuen Lekuinekoak, partida gogorrean 22 eta 18 hartu baitzuen menpean Ezkurdia.

Boladaka hasi zen partida. Xala aurreratu zen hasieran, baina Ezkurdiak 3 eta 5 irauli zuen markagailua bere aldera. Arbizuarra hotz aritu zen partidaren lehen zatian, berezkoa duen bolea jokoa ia baliatu ezinik. Xala ezker-eskuin mugitzea zen bere tresnarik eraginkorrena, baina saketik lau tanto eginda eta defentsarako lan txukuna eginez, 14 eta 8 aurreratu zen Xala. Erritmo bizian, oso tanto gogorrak jokatu zituzten bi pilotariek. Ezkurdiari ez zitzaion oso eroso ikusten Miarritzeko frontoi azkarrean. Hala ere, eta dena galduta zuela ikustean, 18 eta 11 galtzen baitzuen, orduan hazi egin zen arbizuarra, eta bolea, bi paretak eta dejada eta txokogaineko jokaldi ederrekin 18 eta 17 hurbiltzea lortu zuen. Zailena egina zuen arbizuarrak eta Xalari nekea antzematen zitzaion, baina orduan bi pilotariek elkarri opari asko egin zizkioten. Horrela, 21 eta 18 gerturatu zen arbizuarra, baina Xalak 22. tantoa egin zuen orduan, garaipenarena.

Horrela, lau t´erdian aurrera egin du Xalak eta, aldiz, bidean geratu da arbizuarra.