Azkeneko dejada horrek punturik gabe utzi zituen Ezkurdia eta Barriola

Guaixe 2016ko urt. 11a, 09:31

Bengoetxeak eta Untoriak 22 eta 21 irabazi zieten Ezkurdiari eta Barriolari

Zalantzarik gabe, Binakakoa ikusgarria ari da izaten. Jardunaldiz jardunaldi, oso garesti dago jokoan dauden puntuak lortzea. Hori oso ongi dakite Joseba Ezkurdiak eta Abel Barriolak. Larunbatean galdu egin zuten, atzera ere puntu eskas batengatik, Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren kontra. Gorabehera askoko partida gogor eta luzean –ordu eta erdi luzean 650 pilotakada baino gehiago eman zituzten–, Ezkurdiak eta Barriolak esku-eskura izan zuten txapelketako hirugarren puntua, 18 eta 20 aurreratuta egon baitziren, baina azkeneko tantoetan huts egin zuten.

Garaipena, eskura
Egia esan, partida nahasia izan zen. Bi bikoek akats nabarmenak egin zituzten, eta materialak ere zeresana izan zuen. Apenas irteerarik ez zuen pilotarekin eroso aritu zen Barriola, eta akats nabarmenak egin zituzten, aldiz, Bengoetxeak eta Untoriak. Baina pilota aldatuta etorri ziren komeriak Aspekoendako. Untoria dominatzen hasi zen eta Oinatzek bikain probestu zituen iritsi zitzaizkion aukerak. Ezkurdia ia tarterik gabe aritu zen tarte horretan. 17 eta 11 aurreratu ziren gorriak. Baina arbizuarrak eta leitzarrak partidan sartzea lortu zuten eta 18 eta 20 aurreratu ziren. Tamalez, azkeneko jokaldietan ez ziren fin ibili, akats nabarmenak eta polemika tarteko, Untoriaren jaurtiketa batek kontrakantxako lerroan botea egin zuen edo ez zalantza egon baitzen. Azken tantoan, Oinatzek txokora dejada oso neurtua egin zuen, Barriola, lurrera botata, larri iritsi zen, baina Oinatzek, atzera ere, toki berera bidali zuen pilota. Eta dejada horrek eman zien garaipena eta urrezko puntua Bengoetxea VI.ari eta Untoriari.

Larunbatean, Olaizola-Urrutikoetxearen kontra
Binakako Txapelketaren sei jardunaldi jokatuta, soilik bi puntu dituzte Ezkurdiak eta Barriolak eta egoera nahiko delikatuan daude. Larunbatean, Labriten, 5 punturekin sailkapenaren gorenean dauden Aimar Olaizola eta Urrutikoetxea izango dituzte arerio. Azkenek buruan egoten jarraitzeko borrokatuko dute; atzeko postuak uzteko, aldiz, Ezkurdiak eta Barriolak. Partida zaila da, baina jokoan asko duena. Ea arbizuarrak eta leitzarrak hirugarren puntu hori lortzerik duten.

Binakakoaren sailkapena
Irujo-Rezusta: 5 puntu
Olaizola II.a-Urrutikoetxea: 5 puntu
Bengoetxea VI.a-Untoria: 4 puntu
Artola-Albisu: 4 puntu
Irribarria-Merino: 2 puntu
Ezkurdia-Barriola: 2 puntu
Altuna III.a-Merino II.a: puntu 1
Berasaluze II.a-Beroiz: puntu 1

Binakakoa. 7. Jardunaldia
Artola-Albisu / Irribarria-Merino (ostiralean, 22:00etan, Zumarragan. ETB1, ntb)
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Ezkurdia Barriola (larunbatean, 17:45ean, Iruñean).
Bengoetxea VI.a-Untoria / Altuna III.a-Merino II.a (igandean, 17:00etan, Markinan. ETB1, ntb)
Berasaluze II.a-Beroiz / Irujo-Rezusta (astelehenean, 17:00etan, Mungian)