Ezkurdia: “Larunbatean irabazten badugu aukerak izaten segituko dugu”

Guaixe 2016ko urt. 14a, 09:18

Atzo larunbateko partidarako materiala aukeratu zuten Ezkurdiak, Barriolak eta Urrutikoetxeak. Olaizola ez zen izan, arrazoi pertsonalak zirela medio.

Asteburuan Binakako 7. jardunaldia jokatuko da. Joseba Ezkurdiak eta Abel Barriolak Aimar Olaizola eta Urrutikoetxea izango dituzte aurkari. Atzo materiala aukeratu zuten Labrit pilotalekuan, 200 zaletu ingururen aurrean. Olaizola ez zen izan, arrazoi pertsonalengatik, baina goizuetarrak ez du inolako arazorik izango larunbateko partidan egoteko.

Pilota azkarragoak
Ezkurdiak eta Barriolak bi puntu dituzte; bost, aldiz, Olaizolak eta Urrutikoetxeak. Final erdietara sailkatzeko, beraz, egoera delikatuan daude arbizuarra eta leitzarra. Puntuak pilatu behar dituzte. Hala ere, Joseba Ezkurdiak Berria egunkarian azaldu duenez, “sailkatzea ez, partida denetan gozatzea da gure helburua”. Arbizuarrak gaineratu du “izugarri” ikasten dela Barriolaren ondoan jokatuta. “Beti ematen dit aholku egokia, eta bikote sendoa osatzen dugula pentsatzen dut. Niretzat maisua da bera”.

Material aukeraketa azkar joan zen eta Ezkurdiak azaldu zuen gustura geratu zirela topatutakoarekin. “Txapelketa hasieran pilota astunagoak hautatzen genituen, baina orain azkarragoak. Ikusi dugu astunekin gehiago kostatzen zaigula irabaztea. Azkarrekin, Barriola errazago aritzen da atzeko koadroetatik eta nik ere abiadura baliatzen dut min egiteko” onartu zuen aurrelari arbizuarrak.

Aukerak
Txapelketa estua ari da izaten. Ezkurdiak eta Barriolak bi partida galdu dituzte 22 eta 21 galduta. “Haiek irabaziz gero, bestelako egoeran egongo ginateke, baina ezin gara horri begira bizi. Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari irabazten badiegu, aukerak izaten segituko dugu” aitortu dio Berria egunkariari. Dena den, arbizuarrak onartzen du “zaila” izango dela hori. “Urrutikoetxeak aurreikuspen guztiak gainditzen ari da atzelari moduan, eta Olaizolari buruz zer esan… Gure esku dagoen guztia egingo dugu irabazteko”.