Urrea balio duen puntua lortu dute Ezkurdiak eta Barriolak partida ikusgarrian

Guaixe 2016ko urt. 18a, 09:35

18 eta 11 galtzen joan ondoren 19 eta 22 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari

Zalantzarik gabe, merezi zuten. Partida ikusgarria jokatu zuten Ezkurdiak eta Barriolak Olaizola II.aren eta Urrutikoetxearen kontra larunbatean Iruñean. Labrit betea zela eta sekulako giroarekin, afizioa sortzen duen partida eskaini zuten laurok. Txapelketan euren helburua “gozatzea” dela aitortu zuen Ezkurdiak eta larunbateko partidan gozatu ederra hartu zuten arbizuarrak eta leitzarrak eta orain arteko partidarik onena jokatu zuten. Ikusgarri jokatu zuten eta urrezko puntua lortu zuten, Olaizola II.ari eta Urrutikoetxeari 19 eta 22 irabazi eta gero.

Ezkurdia eta Barriola izan ziren hasieran aurreratu zirenak. 3 eta 6 jarri ziren. Baina Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak berehala erantzun zuten. Zazpira berdindu ondoren, 13 eta 11 aurreratu ziren eta segidan 5 tanto egin zituzten jarraian, 18 eta 11 aurreratuta. Guztiz kontra jarri zitzaien partida Ezkurdiari eta Barriolari, eta bazirudien bertan despedituko zela partida. Baina urdinek ez zuten bizkarra makurtu. Gutxien espero zenean Aspeko bikotea suspertu egin zen eta zazpi tanto egin zituzten jarraian, euren zaleen zoramenerako, 18ra berdinduz. Barriolak atzeko koadroetan dominatzen zuen eta Ezkurdia bikain aritu zen errematatzen. 19ra ere berdindu zuten. Barriolak tanto ikusgarria egin zuen orduan, piloteo luze baten ostean Aimarren gantxoa bikain erantzun eta gero, pilotazaleak harmailetik zutitu zituena. Ezkurdiak egin zuen hurrengoa, eta azken tantoan Urrutikoetxeak pilota txapapera bidali zuen. Pronostiko guztien kontra 19 eta 22 irabazita, euren hirugarren puntua lortu zuten Ezkurdiak eta Barriolak, merezitakoa.

Garaipenak, zalantzarik gabe, arnasa eman dio bikoari, bikote faborito baten kontra izatean, gainera, askoz gehiago. Larunbatean atzera ere Labriten jokatuko dute, Berasaluze II.aren eta Beroizen kontra. Ea garaipenaren xendak segida duen.

Binakakoa. Sailkapena
6 puntu: Irujo-Rezusta
5 puntu: Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Artola-Albisu
4 puntu: Bengoetxea VI.a-Untoria
3 puntu: Ezkurdia-Barriola
2 puntu: Irribarria-Merino eta Altuna III.a-Merino II.a
1 puntu: Berasaluze II.a-Beroiz

8. jardunaldia
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Irribarria-Merino (ostiralean, 22:00etan, Urdulizen. ETB1, ntb)
Berasaluze II.a-Beroiz / Ezkurdia-Barriola (larunbatean, 17:45ean, Iruñeko Labriten)
Irujo-Rezusta / Altuna III.a-Merino II.a (Igandean, 17:00etan, Atano III.ean. ETB1, ntb)
Bengoetxea VI.a-Untoria / Artola-Albisu (Astelehenean, 16:30ean, Tolosako Beotibarren)