Arbizuko aurtengo kintoak Josu Etxabarri, Andrea Ganboa, Aroa Petriati eta Miren Lazkoz dira. Agozbeyez (ikustezinak arbizueraz) izena hartu dute haiendako eta urdin eta berde koloreen arteko nahasketa bateko atorra dute. Beste bost kinto zaharrekin ospatuko dituzte hurrengo egunak. Gaur gauean Argi Bidea elkartean parranda eginen dute. Bihar Arbizuko hiri ihotea ospatuko denez, haiek ere mozorratuko dira.
Igandean ohetik goizter mugituko dira, musikaren laguntzaz etxez-etxe eskean ariko baitira. Jasotakoa parrandetako gastuetarako izanen da. Esaterako igandeko bazkari eta afarietarako eta Tolosako gaualdirako. Astelehenean lantegietara eskean joanen dira kintoak eta horren ondoren bazkari-afariak etorriko dira, Tolosarako bidaiaren atari izanen direnak, atzera ere. Asteartean bazkaldu eta gero kintoek herri inauteriaren antolakuntzan lagunduko dute. Arratsaldez haurrendako jolasak eta txokolate-jana prestatuko dituzte. Ondoren, aittun handiya eta amiñ txikiya prestatuko dituzte. Kinto ospakizunak parranda egiten despeditu aurretik Aldabide elkartean herri afaria prestatu beharko dute.