Aldapa gora

Guaixe 2016ko ots. 10a, 12:15

Ezkurdia eta Barriolari Binakakoa hankaz gora jarri zaie, Irujoren eta Rezustaren kontra galdu ondoren (22 eta 7)

Atzokoa ez zen egun ona izan Ezkurdia eta Barriolarendako. Binakako finalerdirako sailkatzeko borrokan jarraitzeko Irujoren eta Ezkurdiaren kontra irabazi beharra zuten, baina aste bateko bajaren ondoren kantxara itzuli zen Irujo eta Rezusta euren gainetik pasa ziren eta 22 eta 7 irabazi zieten. “Ahazteko moduko partida izan da, desastre hutsa” aipatu zuen Barriolak partida bukatzerakoan, eta bere buruari bota zion errua. Baina onartu beharra dago ez batari ez besteari ez zitzaizkiola gauzak ongi joan. Aldiz, Irujo eta Rezusta bikain aritu ziren eta guztia atera zitzaien ongi.

Irujo izugarri aritu zen, eta Barriolak ia ezin izan zion aurre egin. Rezustak ere agindu zuen eta ia uneoro erakutsi zion bizkarra Barriolari. Zezen bat bezala hasi zen Irujo, eta berehala hasi zen aldea ateratzen. Gantxoz 8 tanto egin zituen Iberokoak. Ezkurdiak eta Barriolak ezin zuten ezer egin. Bukaeran, esandakoa, jipoi ederra eman zieten Irujok eta Rezustak Ezkurdiari eta Barriolari, eta 7 tantotan utzi zituzten. Ezkurdiak tanto bat egin zuen, eta gainontzeko tantoak Irujoren akatsak izan ziren.

Irujok eta Rezustak sailkapeneko buru jarraitzen dute –jokatutako 10 partidetatik 9 irabazi dituzte–. Aldiz, Ezkurdia eta Barriola 5. postuan daude, 4 punturekin, eta finalerdietarako sailkatzeko lehen lau postuetan sailkatzea aldapa gora jarri zaie, Artola-Albisuk eta Bengoetxea-Untoriak seina puntu dituztelako, Olaziola-Urrutikoetxeak 7 puntu eta Irujo-Rezustak 9 puntu. Baina esperantza galtzen den azkena denez, egoerari buelta eman eta lehen fasea despeditzeko geratzen diren 3 jardunaldietan etxeko lanak ongi egitea dute buruan arbizuarrak eta leitzarrak.

Asteburan jokatuko den txapelketako 11. jardunaldian Ezkurdiak eta Barriolak euren arerio zuzenak diren Artola eta Albisu izanen dituzte arerio, igandean, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan. Aukera nimiñoena izateko irabazi beharrean daude arbizuarra eta leitzarra, eta ea horrela den. Materiala ostegunean aukeratuko dute, 17:00etan, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan.

Binakakoa. Sailkapena
Irujo-Rezusta: 9 puntu
Olaizola-Urrutikoetxea: 7 puntu
Bengoetxea-Untoria: 6 puntu
Artola-Albisu: 6 puntu
Ezkurdia-Barriola: 4 puntu
Altuna III.a-Merino II.a: 3 puntu
Berasaluze II.a-Beroiz: 3 puntu
Irribarria-Merino: 2 puntu

Binakakoa. 11. jardunaldia
Victor-Beroiz / Altuna III.a-Merino II.a (ostiralean, 22:00etan, Labastidan. ETB1, ntb)
Irujo-Rezusta / Irribarria-Merino (larunbatean, 17:45ean, Iruñean)
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Bengoetxea VI.a-Untoria (larunbatean, 17:45ean, Bilbon. ETB1, ntb)
Ezkurdia-Barriola / Artola-Albisu (igandean, 17:00etan, Oñatin. ETB1, ntb)