Bizirik daude

Guaixe 2016ko ots. 15a, 11:55

Victor eta Albisuri 22 eta 14 irabazi eta gero finalerdietarako sailkatzeko aukerak oraindik badituzte Ezkurdiak eta Barriolak

Irujoren eta Rezustaren kontra galtzearekin makilkada galanta jaso zuten Joseba Ezkurdiak eta Abel Barriolak, baina Aspeko bikoa berriro Binakako finalerdietan sailkatzeko borrokan sartu da, igandean gripeak jota zegoen Artola ordezkatzen zuen Victorri eta Albisuri 22 eta 14 irabazi eta gero.

Victor ostiralean Bastidan jokatzen egon zen, eta igandean Artola ordezkatu behar izan zuen. Aipatzekoa da bai Victor eta bai Albisu bere mailatik oso behera aritu zirela. Ez ziren fin ibili, eta bien artean ia 20 pilota galdu zituzten. Joseba Ezkurdia eta Abel Barriola serio aritu ziren eta ez zuten aparteko arazorik izan garaipena lortzeko. Hasieratik hartu zuten aurrea, Victorren eta Albisuren akatsengatik bereziki. 10 eta 3 eta 13 eta 4 aurreratu ziren Aspekoak. Partida erdian hobeto aritu ziren Victor eta Albisu eta 15 eta 10 hurbildu ziren, baina berriro ere sakea hartuta, aldea ateratzen hasi ziren Ezkurdia eta Barriola eta partida irabazi zuten, 22 eta 14.

“Ez dugu beste munduko partidarik egin, baina serio jokatu dugu eta guretzat oso garrantzitsua den puntua lortu dugu” adierazi zuen Barriolak partida bukaeran. Lasaitu ederra hartu zuten leitzarrak eta arbizuarrak, berriro ere finalerdietan egoteko borrokan sartzea lortu baitzuten.

Binakako final-laurdenetako ligaxka despeditzeko hiru jardunaldiren faltan, garaipen bakarreko aldea dago Bengoetxea VI-Untoriaren (6 puntu), Artola-Albisuren (6 puntu) eta Ezkurdia-Barriolaren (5 puntu) artean. Hortaz, oraindik ere finalerdietan sailkatzeko aukerak badituzte arbizuarrak eta leitzarrak. Horretarako, ostiralean, Irunen, Altuna III.aren eta Merino II.aren kontra irabaztera derrigortuta daude. Ea seigarren puntua lortzen duten.

Binakakoa. Sailkapena
1.Irujo-Rezusta: 10 puntu
2.Olaizola II.a-Urrutikoetxea: 8 puntu
3.Bengoetxea VI.a-Untoria: 6 puntu
4.Artola-Albisu: 6 puntu
5.Ezkurdia-Barriola: 5 puntu
6.Berasaluze II.a-Beroiz: 4 puntu
7.Altuna III.a-Merino II.a: 3 puntu
8.Irribarria-Merino I.a: 2 puntu

Binakakoa. 12. jardunaldia
Ezkurdia-Barriola / Altuna III.a-Merino II.a (ostiralean, 20:30ean, Irunen. ETB1, ntb)
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Artola-Albisu (larunbatean, 17:45ean, Iruñean. ETB1, ntb)
Bengoetxea VI.a-Untoria / Irujo-Rezusta (igandean, 17:00etan, Eibarren. ETB1, ntb)
Victor-Beroiz / Irribarria-Merino I.a (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)