Ezkurdia: “Finalerdietara sailkatzeko aukerak ditugu eta kontentu gaude”

Guaixe 2016ko ots. 18a, 11:02

Ezkurdiak eta Barriolak Altuna III.a ordezkatuko duen Retegi Bi eta Merino II.a izango dituzte aurkari ostiralean Irunen. Partida gogorra aurreikusten dute

Ostiralean, Ezkurdia eta Barriola lesionatua dagoen Altuna III.a ordezkatuko duen Retegi Biren eta Merino II.aren kontra ariko dira Irungo pilotalekuan (ETB1, ntb). Asteazkenean egin zuten material aukeraketa. Ezkurdiak azaldu zuenez, “pozik dago Barriolarekin”. “Kontentu gaude, ligaxkaren bukaerara finalerdietarako sailkatzeko aukerekin iritsi garelako. 3 partida txarra izan ezik, oso bikote lehiakorra garela erakutsi dugu” adierazi du Arbizuko aurrelariak. Egun 5 puntu dituzte, eta aukera horiek izaten jarraitzeko Retegi Biren eta Merino II.aren kontra irabazi beharrean daude “bai ala bai”, Barriolak adierazi zuen moduan.  

Irungo pilotalekua “hotza” dela nabarmendu du Ezkurdiak. “Gutxi jokatu dut Irunen baina frontoian hotza egiten duela gogoratzen dut. Ez dut oso gustuko. Hasieratik oso kontzentratuta atera beharko dugu eta partida hasi baino lehen ongi berotu beharko dugu. Hasieratik entxufatuta ateratzen bagara, asko irabazita izango dugu” gaineratu du. Halaber, nabarmendu duenez, ez dute euren jokoa aldatuko. “Gure jokoa ez da aldatuko Altunak edo Retegi Bik jokatzen badu. Altuna agresiboagoa da eta Retegi Biri oso zaila da tantoa egitea. Partida gogorra eta konplikatua izango da, eta presioari ongi eustea klabea izango da” gaineratu du arbizuarrak.