Zuhaitzaren eguna, bueltan

Guaixe 2016ko ots. 18a, 19:55

San Juan ermitaren inguruan 20 zuhaitz landatu zituzten igandean.

Badira urte batzuk Arbizun Zuhaitzaren eguna ospatzen ez zela. Ingurumen Batzordeak hura berreskuratzea egoki jo zuen. Baina aldaketa batekin: aurreko urtean herrian jaiotako haur bakoitzeko zuhaitz bat landatzea. Haien gurasoei igande eguerdirako gonbidapena egin zieten. Eguraldi txarra izanik ere, baita denak erantzun.

Igande eguerdian Arbizuko plazan elkartu ziren eta handik San Juan ermitara abiatu ziren. Hamarna lizar eta urki sartu zituzten (bi gehiago). Horrekin batera, batzordekideek haur bakoitzari ezkur bana eman zioten. Hura zaindu eta aurrerago haritz landarea basoan landatzea litzateke asmoa. Argazki saioaren ondoren guztiek Aldabide elkartean gosaldu zuten.

Ingurumen Batzordearen asmoa da Zuhaitzaren egunari urtero segida ematea. San Juan ermitaren inguruko larreetan egitea aurreikusten dute: “tokia oso polita da, ikusmira ederra dago”. Batzordean aurrera eramateko ideia gehiago dituzte, esaterako: ubeldearen eguna, gaztain edo sagar eguna… “Ekimen politak dira, naturara hurbiltzeaz aparte elkar ezagutzeko aukera ematen dute, gure arteko harremanak egin edo hobetzeko balio dute… Kasu honetan bezala, herritarrek parte hartuz gero, gauza ederrak egin daitezke!”

Argazkiak: Arbizuko Ingurumen Batzordea.