Monika Etxeberria arbizuarrak Patrick Modiano Nobel saridunaren Dora Bruder (Igela, 2015) liburua itzuli zuen, azaroan aurkeztu zutena. Paris protagonista bilakatzen da liburuan eta beste garai batera garamatza, Frantziaren okupazio urteetara hain zuzen ere. Galdutako hamasei urteko neska baten historia kontatzen da Modianoren lan adierazgarrienetako honetan.
Nola iritsi zen Dora Bruder liburua zure eskuetara?
Xabier Olarra, Igela argitaletxeko arduradunarekin dudan harremanagatik iritsi zen nire eskuetara. Behin baino gehiagotan hitz egina genuen itzulpenen bat egiteko asmoaz, horrela, Modianori Nobel saria eman ziotenean itzulpena egiteko proposamena egin zidan. Hainbeste buelta eman ondoren, nire gustuko lana iruditu zitzaidan eta ezin izan nuen ezezkorik eman.
Jatorrizkoa zein hizkuntzatan dago?
Jatorrizkoa frantsesez dago. Nik egia esan jatorrizko hizkuntzarekin lan egiten dut, frantsesa alegia. Aldamenean gaztelaniazko itzulpena izaten dut baita ere, eta batzuetan italierazkoa ere. Zalantzaren bat baldin badago beti lagungarriak suertatzen dira. Kasu honetan, gainera, anekdota gisa, jatorrizko liburua hartu eta gaztelaniazkoa eta italierazkoarekin konparatuz puska batzuk falta ziren itzulitakoetan. Hori ikusita, harritu egin nintzen eta zerbait gertatzen zela pentsatu nuen. Modianoren inguruko informazioa arakatzen hasi nintzen, eta ohartu egin nintzen liburuaren bi bertsio zeudela. Antza denez, Modianok kazetaritza ikerketaren barruko datu batzuk gehitu nahi izan zituen eta, horregatik, erabaki zuen beste bertsio bat argitaratzea.
Nor da Dora Bruder?
Dora Bruder, Parisen bere gurasoekin bizi den hamasei urteko neskato bat da. Berez barnetegi batean sartu egin dute pixka bat gatazkatsua delako eta, halako batean, desagertu egiten da. Idazleak egunkariaren bidez desagerpenaren berri jakiten du eta hori jakinda neskarekin zer gertatu den ikertzen hasten da.
Testuinguruak garrantzi berezia dauka liburu honetan?
Bai, Frantziako okupazio garaia da, 1941. urtea. Naziak Parisen jaun eta jabe dira, giroa oso berezia da orduan. Modianok beti Paris erabiltzen du, hiriburua bera pertsonai bat bihurtzen du idazleak. Neskaren desagerpena kontatu nahi du liburuan, baina benetan Modianori interesatzen zaiona Paris da. Bere liburu guztietan agertzen da Frantziako hiriburua, topografia berezi bat egiten du, obsesioa dauka. Liburu honen bidez Parisera bidaiatu dezakegu baina baita iraganera ere.
Nobel saridun baten obra itzultzeak badu ardura berezirik?
Ahaztu egiten zara horretaz, obran zentratu egiten zara. Nobel sariak oso bereziak dira, gehienetan, idazle ezezagunei ematen zaielako, ibilbide frogatu xamarra dutenei, baina batzuetan oso literatura zale den jendean pentsatzen ematen zaie saria. Gehiago zabaltzeko balio du? Batzuetan nik nire dudak ditut. Gustu bereziko jendearendako eginiko sariak direla uste dut, eta oso garrantzitsuak noski. Zirkulu txiki batendako itzultzen ari naizen sentsazioa ematen dit.
Nola prestatu zenuen zure burua itzulpen hau egiteko?
Literatura itzultzen esperientzia pixka bat badaukat, ezer berezirik ez. Ona da liburuaren giroan sartzea, eta Modianoren kasuan are gehiago oso literatura atmosferikoa delako. Liburuak kontatzen duen istorioak agian ez du hainbeste garrantzirik, baina atmosferak bai. Egilearen liburu gehiago irakurtzen ditut, atmosfera horren barruan sartzea garrantzitsua da. Itzultzen ari naizen denboraldi horretan frantsesez gehiago irakurtzen saiatzen naiz. Baliabideei dagokionez, interneten asko aurki ditzakezu, Modianoren beste liburuak oso baliagarriak egin zaizkit ere itzulpen hau egiterako orduan.