Ezkurdia eta Barriola bide onean

Guaixe 2016ko ots. 22a, 13:46

Binakako finalerdietarako sailkatzeko borrokan jarraitzen dute Retegi Biri eta Merino Ii.ari 10 eta 22 irabazi eta gero

Binakako hasierako ligaxka despeditzeko bi jardunaldi falta direnean, finalerdietarako sailkatzeko lanak ongi egiten ari dira Joseba Ezkurdia eta Barriola. Ostiralean Retegi Biri eta Merino II.ari 10 eta 22 irabazi zieten, Irungo Uranzu frontoi hotzean partida oso serioa egin eta gero. Presio handiko partida izan zen, eta Ezkurdiak eta Barriolak sufritzen jakin zuten eta piloteoan nagusitzen.
Hasieratik hartu zuten aldea Ezkurdiak eta Barriolak. Retegi Biri eta Merino II.ari kosta egin zitzaien partidan sartzea. Zaleek gehien txalotu zituzten jokaldiak Ezkurdiak sortutakoak izan ziren. Arbizuk 8 tanto egin zituen eta partidako pilotaririk onena izan zen. Abel Barriolak bikain egin zuen bere lana eta apenas egin zuen akatsik. Bukaeran 10 eta 22 gailendu ziren.

Bi jardunaldiren faltan, Binakakora sailkatzeko borrokan daude Ezkurdia eta Barriola. 6 puntu dituzte, Bengoetxea VI.a-Untoria eta Artola-Albisu bezala. Hiru bikote hauetatik bik lortu dute finalerdietara sailkatzea Irujo-Rezusta eta Olaizola II.a-Urrutikoetxearekin batera. Beraz, igandean Olaizola II.a eta Urrutikoetxearen kontra irabaztera derrigortuta daude arbizuarra eta leitzarra, borroka horretan jarraitzeko. Material aukeraketa ostegunean egingo dute, 16:00etan, Eibarko Astelena pilotalekuan.
Jaialdi hori zabalduko duen partidan, Gorka eta Cecilioren kontra ariko dira Jaunarena eta igandean Asperekin profesionaletan debutatu zuen Julen Martijak.

Binakakoa. Sailkapena
1.Irujo-Rezusta: 11 puntu
2.Olaizola II.a-Urrutikoetxea: 9 puntu
3.Bengoetxea VI.a-Untoria: 6 puntu
4.Ezkurdia-Barriola: 6 puntu
5.Artola-Albisu: 6 puntu
6.Bersaluze II.a-Beroiz: 4 puntu
7.Altuna III.a-Merino II.a: 3 puntu
8.Irribarria-Merino: 2 puntu

Binakakoa. 13. jardunaldia
Berasaluze II.a-Beroiz / Irujo-Rezusta (ostiralean, 20:30ean, Bilbon. ETB1, ntb)
Bengoetxea VI.a-Untoria / Retegi Bi-Merino II.a (larunbatean, 17:45ean, Gasteizen. ETB1, ntb)
Olaizola II.a-Urrutikoetxea / Ezkurdia-Barriola (igandean, 17:00etan, Eibarren. ETB1, ntb)
Artola-Albisu / Irribarria-Merino (astelehenean, 17:00etan, Tolosan)