Ladronen espetxeratze agindua salatu dute

Guaixe 2016ko mar. 2a, 21:08

Arbizuarrak desobedientzia jarrerari heldu eta “desordena publikoak” egozten dioten epaitegira ez da agertu.

Donostiako Auzitegiko epaile batek Ainara Ladron atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua eman izana salatzeko 70 bat arbizuarrek kontzentrazioa egin dute gaur. Aldi berean, Ladronen auziko guztiak aske uzteko eskatu dute. Espainiako auzitegiek Segi gazte erakundea “terrorista” izendatu zutela salatzeko Ladron eta beste lau gaztek A8 autobidea itxi zuten 2007ko ilbeltzaren 13an. “Desordena publikoak” egotzitako Donostiako Auzitegian epaitu behar zituzten bostak. Baina haietatik bi besterik ez dira agertu eta beste hiruak, Ladron barne, ez dira auzitegira joan.

Ladronek Berria egunkariari jakinarazi dionez, “ehunka gazte atxilotu eta epaitu dituzte Segi terrorista izendatzeagatik. Nahiz eta guk esandakoa bete, hori salatzeagatik epaiketa batean aurkitzen gara. Orain esaten duguna da epaitegia ez dela nor gu epaitzeko, ez duela zilegitasunik". Gazteek "bizimodu normala" egiteko asmoa agertu dute. Ladronek desobedientzia, "erasoei erantzuteko" ez ezik, "herria eraikitzeko" tresna dela nabarmendu du.

Gazteak epaitzeko laugarren saiakera izan da gaurkoa. Aurreneko ertzain lekukoen identifikazio okerragatik atzeratu zuten; bigarrena, hiru auzipetu agertu ez zirelako atzeratu zuten (ez zuten haiek atxilotzeko agindurik eman eta, hirugarrenean, zitazioetan ustezko oker bat zegoelako atzeratu zen. Fiskaltzak gazteendako bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du.

Argazkia: www.berria.eus