Ainara Ladron atxilotua

Guaixe 2016ko mar. 7a, 15:20

Donostiako auzitegian asteazkenean epaiketa zuen Ainara Ladronek eta ez zen agertu. Epaileak bera atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman zuen. Ertzaintzak arbizuarra larunbat eguerdian atxilotu zuen, Zarautzen, prentsaurrekoa eman ondoren. Ladronen atxiloketa salatzeko larunbatean bertan 30 bat arbizuarrek kontzentrazioa egin zuten eta haren askatasuna aldarrikatu zuten.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Segi erakunde “terrorista” zela ebatzi zuenenean, protesta gisa Zarautz aldean A8 autopista moztu zuten bost gaztek 2007an. Ekimen harekin euskal gazteek militantzia politikoan aritzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuten. Gertaera horiengatik fiskaltzak urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du gazte bakoitzarendako.

Asteazkenekoa gazteak epaitzeko laugarren saiakera izan zen. Haietako hiruk, Ladron tartean, hasieratik adierazi zuen desobedientzia jarrera hartuko zutela. Ladronek adierazi duenez, “desobedientzia erasoei erantzuteko ez ezik, herria eraikitzeko mekanismoa da; jendea benetan batzen bada eta erabiltzen badu, denendako baliagarria izan ahal ddena, borroka mordo batean. Hori da gure ekarpen xumea”.