Gorenak FyT-ko kideen kontrako epaia berretsi du

Guaixe 2016ko api. 5a, 14:58

Pintaketen kontra Arbizun 2009an egindako protesta.

Espainiako Auzitegi Gorenak Falange y Tradición taldeko kideen kontra Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi du. Hala, taldeko hiru kide sabotajeak eta mehatxuak egiteagatik zigortu dituzte. Mehatxu delituagatik zigortutakoak dira: Jose Ignacio Irustari bi urteko espetxe zigorra eta Javier Lopez Monreali eta Borja Perez Illerari urte eta erdikoa. Aurrekaririk ez dutenez bat bera ere ez da espetxera joanen. Epaileek frogatutzat jo zuten hirurek memoria historikoko oroigarrien kontra eta mehatxuak egin zituztela. Baina fiskaltzak eta akusazioek eskatu bezala delituak terrorismo gisa izendatzea epaileek ez zuten egoki ikusi. Berretsitako epaiaren arabera zigortuek Arbizuko Udalari 1.500 euro ordaindu beharko dizkiote eta mehatxatuak izan ziren pertsona bakoitzari beste 1.000na euro.

Gertaerak
Epaitu dien gertaeren artean 2009ko agorrilaren 20an Arbizun egindakoa zegoen. Orduko Arbizuko alkatearen eta hiru zinegotziren izenak eta haien kontrako heriotza mehatxuak (“orain zelatan, bihar hilko zaituztegu”) agertu ziren idatzita Arbizuko udaletxeko fatxadan. Aldamenean Falangeren logotipoa eta “Otsaportillo 1936. Gora Barandalla!” idazkia zeuden. Gerora Falange y Tradición taldeak bere gain hartu zituen Euskal Herrian egindako 25 eraso, baina zerrendatu gabe. Urte hartako lastailaren 23an atxilotu zituzten taldeko bost kideak.