Europako musikan barnako 1000 urteko bidaia

Guaixe 2016ko api. 8a, 11:57

Larunbatean, 19:00etan, Arbizuko kanpineko Amari yoga magiko gunean.

 

Maite Itoiz sopranoak eta John Kellyk Historical kontzertua eskainiko dute bihar. Itoizen ahotsa harpa zeltaren, errenazimenduko lautearen, txirulen eta perkusioaren doinuek lagunduko diote. Bikoteak Erdi Arotik gaur egunera arteko Europako musika egitaraua eskainiko du, herri musikako eta eurek sortutako piezak tartekatuz. Historical emanaldiekin Itoizek eta Kellyk kritika onak jaso dituzte Alemanian. Nafarroan behin eman dute egitarau hori eta arrakasta errepikatu egin zuten. Arbizukoaren ondoren, bikoteak Kanadara eramanen du Historical emankizuna. Beste hainbat musikarirekin bateraAlan Simonen Excalibur rock-operaren makina bat emanaldirekin itxiko dute urtea.

Errenazimenduko musikarekin hasi, barrokoarekin segi eta euskal musikarekin despedituko dute emanaldia. Rikardo Bihoitz-Lehoi, Nafarroako Teobaldo I.a, Alfonso X.a Jakituna edo Juan de la Encinaren piezekin batera, euskal kantutegiko abesti herrikoiak edo Mikel Laboa eta beste egile batzuenak entzuteko aukera izanen da. Sarrerak  630 777 130 telefonoan edo nebani9@yahoo.es e-postan lortu daitezke aurretik (15 euro), edo bihar aretoan bertan (20 euro).