Basterretxearen Enneco udalarendako

Guaixe 2016ko api. 20a, 15:39
Patxi Abasolok Karmele MArañon alkateari eman zion Enneco obra.

Arbizuko Udalak Enneco, haritzaren memoria egitasmoa finantzatzen lagundu eginen du. Horregatik, hura sustatzen duen Nafarroa Bizirik fundazioak Nestor Basterretxeak parkerako egin zuen obraren errepika jaso du. Karmele Marañon alkateak fundazioko lehendakari Patxi Abasoloren eskutik jaso zuen eskultura.

Basterretxea Enneco egitasmoaren bultzatzaileetako bat izan zen. Parkerako irudikatu zuen obrak, alde batetik, estatuaren gogortasuna eta mendeetan zehar Nafarroak jasan duen errepresioa adierazten ditu. Bestetik, herritarrek beraien kultura eta hizkuntza mantentzeko bilatu dituzten moduak ere.

Enneco egitasmoa pixkanaka itxura hartzen ari da. Makina bat boluntario ari dira auzolanean. Horretaz aparte, instituzio, kolektibo, enpresa eta herritar mordo batek diru edo material ekarpenak egin dituzte haritzaren memoria errotzeko. www.enneco.org web orrian daude laguntzeko moduen berri.