Buruz buruko pilota txapelketa 2016

Ezkurdiak ez du zortea alde: agur Buruz Burukoari

Guaixe 2016ko mai. 2a, 09:58

Joseba Ezkurdia 11 eta 17 aurreratuta egon zen baina denetatik gertatu zitzaion: bekainan zauria, eskuin txorkatilan bihurritua… Azkenean Urrutikoetxeak erremontatu zuen eta 22 eta 19 irabazi zion arbizuarrari

Pena handiarekin Buruz Burukoari agur esan behar izan dio Joseba Ezkurdiak. Sasoi eta bolada onean zegoen arbizuarra, David Merino eta Retegi Biri irabaztetik baitzetorren, eta jakina zen gauzak oso zail jarriko zizkiola egungo txapeldun Mikel Urrutikoetxeari. Eta halaxe izan zen. Biek orain arteko Buruz Burukoko partidarik lehiatuenetakoa eskaini zuten Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Tamalez, zortea ez zen arbizuarraren alde egon, eta nahiz eta partidako lehen zatian Ezkurdiak Urrutikoetxeari alde ederra atera –11 eta 17 aurreratuta egon zen Ezkurdia– partidari buelta ematea lortu zuen Urrutikoetxeak denetarik gertatu zitzaion Ezkurdiaren aurrean. Azkenik, finalerdietara pasatzea lortu zuen bizkaitarrak, 22 eta 19 irabazi eta gero.

Arbizuarrak lehen zati ikusgarria egin zuen eta Urrutikoetxea erremolkean aritu zen partidaren azkenera aldera arte. Tartean iritsi ziren komeriak. Arbizuarra 9 eta 10 irabazten zegoela, pilota batek bete betean eman zion eta zauria egin zion ezkerreko bekainean. Aurrerago, 14 eta 18 irabazten zihoanean, eskuin txorkatilan bihurritua izan zuen arbizuarrak. Hortik aurrera oinazea nabaritzen hasi zitzaion Ezkurdiari eta hor egin zuen gora Urrutikoetxeak. Bizkaitarrak Ezkurdiaren lorealdian sufritzen jakin zuen, eta azken txanpa horretan 18ra berdintzea lortu zuen eta hortik aurrera aldea atera zuen egungo txapeldunak, azkenean, 22 eta 19 irabazi arte. Hori bai, hasieratik sufritzea tokatu zitzaiola onartu zuen Urrutikoetxeak.

Pena handiarekin Buruz Burukoari agur esan behar izan zion Ezkurdiak. “Gaizki noa, aurreratuta nengoenean ez dudalako partida behar bezala itxi eta bizia eman diodalako. Espero dut noizbait zortea aldatzea” zihoen arbizuarrak partida bukaeran, jasotako pilotakadaren ondorioz bekaina zabalik zuela.

Urrutikoetxeak Altuna III.a izango du arerio Buruz Buruko finalerdietan, eta Oinatz Bengoetxeak sekulako erakustaldia eman eta Aimar Olaizola bidean utzi zuen Irribarria. Gauzak aldatzen ari dira Buruz Burukoan, eta badirudi etorkizuneko pilotariak geratzeko etorri direla.