Hiru hildako Arbizun hegazkin arin bat erortzean

Guaixe 2016ko mai. 20a, 09:38

Putre baten kontra jo ondoren Arbizuko Kale Nagusiko bi etxeren tartean erori zen hegazkin arina. Bertan zihoazenak hil ziren

Arbizun oraindik sustoa gainetik kendu ezinik daude. Atzo arratsaldeko seiak pasatxo ziren, 18:07 inguruan, hegazkin arin bat Arbizuko Kale Nagusian erori zenean. Lekuko batzuk azaldu dutenez, hegazkin arinak putre batekin egin zuen talka eta ondoren erori egin zen. Altuera galtzean etxe baten teilatuaren ukitu zuen eta gero, bi etxeren arteko etxartean erori zen hegazkin arina, aurretik pareta baten kontra eginez, bertan aparkatuta zegoen traktore baten gainera erortzeko. Istripuaren berri 18:10ean jaso zuten Larrialdi Zerbitzuetan. Altsasu eta Cordovillako suhiltzaileak, Nafarroako Gobernuko osasun arretarako helikopteroa, Foruzainak, Guardia Zibila,Etxarri Aranazko osasun etxeko medikuak eta anbulantzia gerturatu ziren berehala, baina ezin izan zuten ezer egin, hegazkin arina txikituta zegoelako eta bertan zihoazenak unean bertan zendu baitziren.

Coimbratik (Portugal) Daxera zihoan Frantziako matrikula zeraman Robin DR-40 hegazkin arina, eta bertan gizonezko bat eta emakumezko bat zihoazela aipatu zuten foruzaingoek hasiera batean. Hegazkin arina horren txikituta zegoen, pertsona gehiago egon zaitezkeenaren hipotesia zabaltzen hasi zela. Nonbait, azkenean hori baieztatu dute eta hiru pertsona, bi gizonezko eta emakumezko bat hil zirela konfirmatu dute. Hegazkin arinarekin talka egin zuen putrea istriputik 300 metrora aurkitu zuten. Bizilagunek aipatu zutenez, istripuaren aurretik putre aldra bat hegan zebilen Sakanan eta putre horiek saihesten saiatu zen hegazkin arina. Baina ezin izan zuen.

Istripuak Arbizu goitik behera aztoratu zuen. Bizilagunek adierazi zuten sekulako hotsa entzun zutela, “bonba baten antzekoa”. Kalea hegazkin arineko puskez eta txikitutako gorpuen zatiez bete zen berehala. Istripua oraindik larriago izan ahal zen, herrian bertan, etxeen artean erori baitzen. Zorionez, ez zen inor zauritu, baina urduritasuna nabarmena izan zen eta nerbio krisiagatik 10 pertsona artatu behar izan zituzten. Makina bat komunikabide hurbildu ziren Arbizura, istripuaren berri ematera.

Ikerketa lanak gaueko ordu txikiak arte luzatu ziren. Azkenean hildakoak nazionalitate frantziarreko hiru pertsona zirela konfirmatu zuten eta nahiz eta pertsona hauen dokumentazioa aurkitu, gorpuen egoeragatik ADN probak egin beharko dizkiete identifikazio lanak egiteko. 300 metrora topatutako putrearen gorpua ere jaso zuten, ikerketekin jarraitzeko.