36ko drametatik sortutako ikuskizuna

Guaixe 2016ko eka. 17a, 09:42

Larunbatean, 22:30ean, Arbizuko Olatzeako belardian.

Herrian duela 80 urte Francoren estatu kolpeak eta ondorengo errepresioak utzi zuena lantzen aritu da Oroimenez Arbizun. Ikasturte hasieran Arbizuko Udalaren Kultura Batzordearen ekimenez sortu zen eta hainbat jarduera antolatu ditu. Ikasturteari “urrezko” despedida emateko “36ko gerrako gertaera latzen inguruan sortutako ikuskizuna” eskainiko du bihar, Oroimenez.

Oroimenez Arbizu taldetik azaldu dutenez, “emanaldiaren funtsa herritarren testigantza batzuk dira, garai hartan herrian izandako zenbait egoera kontatzen dutenak: fusilamentuak, ihesa, ezkutuan ibili beharra, gerra, oinazea...” Bizipen horietan oinarrituta, herriko idazleek hamar idazlek testu bana sortu dute. Horien artean izen ezagunak daude: Castillo Suarez, Juanjo Olasagarre, Jon Arretxe, Mikel Reparaz edota Josema Leiza. Azken horrek, gainera, testu guztiak arbizueraz moldatu ditu.

Beste hamar arbizuarrek testu horiei ahotsa jarri diete Pello Reparazen estudioan: Julen Luis, Martin Larraza, Enara Insausti, Jesus Mari Mendinueta, Ramoni Berastegi, Mikel Berastegi, Nagore Arruti, Nerea Reparaz, Ander Garzia eta Juan Miguel Leiza. “Pello Reparazek berak prestatu dituen soinu bandaz eta giroko soinuaz jantzi ditu grabazioak. Guztiaren koordinatzaile Katrin Ginea izan da.”

Hamar ahots horiek pertsonaia batek gorpuztu edo dramatizatuko ditu. Hamar istorio horien haria lotuko duen pertsonaia Zoila Berastegik antzeztuko du. Olatzeako belardiko ikuskizunaren argiztatzeaz Arantza Flores urdiaindarra arduratu da, argi diseinatzailea bera.

Finantziazioa
Ikuskizuna sortzeko udalaren diru-laguntza izan du Oroimenez Arbizu taldeak, baina aurrekontua estaltzeko Peio Lazkozen talla bat zozketatuko da. Ikuskizunaren DVDa Sanjuanetan salgai izanen da.