Gizarte Lana hezkuntzarako baliabide bihurtzeko proiektu pilotua Sakanan

Guaixe 2016ko eka. 23a, 18:26

Nahia Urkia Ihabar, goioko lerroan, ezkerretik hirugarrena.

Altsasu institutua izan da hura hartu duen 13 ikastetxeetako bat eta Nahia Urkia Ihabar arbizuarrak han egin ditu praktikak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gizarte Laneko graduko 15 ikaslek herrialdeko 13 ikastetxeetan praktikak egin dituzte otsailetik garagartzarora bitartean. Ez ziren edonolako praktikak, proiektu pilotu baten zati baitira. NUPek eta Nafarroako Gobernuak garatutako egitasmoaren xedea Gizarte Lana lanbidea ikastetxeetan baliabide iraunkor bihurtzea da. Proiektu pilotua ikastetxeetara eramaterakoan, ikastetxe bakoitzak bere errealitate eta testuingurura egokitu du. Bestalde, ikasleek praktika programaren gaitasun espezifikoak garatzeko aukera izan dute. NUPen Hezkuntzan Gizarte Lana praktikatzeko gida didaktiko bat prestatuko dute orain.

Alberto Jauregi Virto irakaslea izan da praktiketako tutorea, eta berak jakinarazi digunez, 2012-2013 ikasturteaz geroztik ari dira euren ikasleak halako praktikak egiten, “baina ikasturte honetan bai parte hartu duten ikastetxeen kopuruagatik, bai gizarte lana ikastetxeetako baliabide iraunkor bat izatea xede duen proiektu esperimental bat antolatzeagatik”. Heldu den ikasturterako programa osoagoa eskaintzeko asmoa dutela aurreratu digu. Aurten praktikak egin dituzten NUPeko ikasleak Gizarte Laneko graduko 3. mailakoak ziren. Haien artean Nahia Urkia Ihabar arbizuarra zegoen.

Irakasleak azaldu digunez, gaur egun ikastetxeetan orientatzaileak eta irakasleak izaten dira ikasleekin egon behar dutenak. “Baina hori egiten badute ez dituzten eginbeharreko beste gauza batzuk egiten.” Ikastetxeetako gizarte eta hezkuntza errealitatea kontuan izanik, gizarte langileen eginkizun eta zereginetako batzuk zerrendatu ditu Jauregik: “gizarte eta hezkuntzan esku-hartzeko planak eta diagnostikoak egitea; ikastetxeko beste profesional batzuekin eta adingabeak babesteko hainbat erakunderekin sarean lan egitea; gizarte eta hezkuntzako esku-hartzea ikasgelatik kanpo (atsedenaldiak eta jantokia); banakako arreta arazoak dituzten ikasleei; lankidetza curriculumeko programetan (genero berdintasuna, elkartasuna...); eta eskola absentismoaren gizarte eta hezkuntza arreta eta jarraipena.”