16 pilotu Arbizu 4x4 Trialean

Guaixe 2016ko eka. 28a, 12:43
Bego Cid Perkaz, lanean hasteko prest.

Tartean sakandarrak zeuden

Ohikoa denez, todoterrenoek bere lekua izan zuten Arbizuko San Juan festetan. Guztira 16 todoterreno lehiatu ziren Arbizu 4x4 Trialean. Ez zen txapelketa bat izan eta ez zen sailkapenik egin. Helburua pilotuak bildu eta ongi pasatzea zen, eta Arbizuko industrialdean bildutako zaleei primerako ikuskizuna eskaintzea. Eta, jakina, helburua bete zuten pilotu eta kopilotuek.

16 pilotuen tartean makina bat sakandar zeuden. Gaizka Mendoza pilotu olaztiarra Ander Gorospe kopilotuarekin, Unai Mugica pilotu altsasuarra Oscar Troyano kopilotuarekin, Josu Berastegi eta Bego Cid pilotu urdiaindarrak Jon Cid euren kopilotuarekin, Tasio urdiaindarra Migel Machado kopilotuarekin, Jon Razkin pilotu dorrobarra Urko Resano kopilotuarekin, Mela Lizarraga pilotua Unai Lizarraga kopilotuarekin eta abar. “Oso giro ona sortu zen eta gustura pasatu genuen, zirkuituan bertan elkarrekin afaldu genuen denok, gustura” adierazi digu Arbizu 4x4 Trialean aritu zen emakume bakarrak, Bego Cid Perkazek. “Emakume gidari bakarra ni izan nintzen, baina beste neska bat kotxe barruan nirekin sartu zen” gaineratu du.

Trialean zulo eta oztopo handi eta pikuagoak prestatzen dira, paretak ia bertikalak dira. Hemen gidarien abilezia ikustea da inportanteena. Pilotua eta bere ibilgailua daude eta zulo handi horietatik ateratzea, hori da kontua. Ikusgarriagoa izaten da. Ikuskizun bikaina eskaini zieten pilotuek euren zaleei.