Ezkurdia eta Jaunarena, San Ferminetako lau t´erdiaren bila

Guaixe 2016ko eka. 29a, 11:05

Gaur jokatuko dute Aspeko adarreko lehen finalerdia, Mungian

Sanferminetarako atzerakontuan gauden honetan, abian da San Ferminetako lau t´erdia. Gaur Aspe adarreko finalerdietako bat jokatuko dute, Mungian, Jon Jaunarenak eta Joseba Ezkurdiak. 17:00etan hasiko da jaialdia. Partida oso lehiatua espero da, Leitzako aurrelariak irudi ezin hobea eskaini baitzuen asteburuan Arrasateko Uarkapen eta Joseba Ezkurdia joko puntu onean dagoelako. Beraz, gaurko partida ikusgarria espero da. Ondoren, Irribarriak Barriolarekin osatuko du bikotea Altuna III.aren eta Zabaletaren kontra jokatzeko. Sanferminetako Binakako Txapelketa prestatzeko partida bikaina izango da hau, sanferminetan elkarrekin ariko baitira biko hauek.

Aspe adarreko beste finalerdia ostiralean jokatuko da, Logroñoko Adarragan, Bayer laborategiaren urteroko jaialdian. Retegi Bi eta Altuna III.a izanen dira aurrez aurre. Aspeko bi finalerdietako irabazleek igandean jokatuko dute San Ferminetako lau t´erdira sailkatzeko finala, igandean, Sopelanan.

Asegarceko adarrean Mikel Urrutikoetxea sailkatu da San Ferminetako lau t´erdiko finala jokatzeko, Aimar Olaizolak uko egin baitzion finalerdian lehiatzeari, lesionatuta dagoelako.

Ezkurdia-Zubieta, San Ferminetako bikotea
Sanferminetako Binakako Torneoan 6 bikote lehiatuko dira. A multzoan Altuna II.arekin osatuko du bikotea Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak. Irribarria-Barriola eta Bengoetxea VI.a-Beroiz izanen dira beste bikoteak. Eta B multzoan Joseba Ezkurdiak eta Aitor Zubietak bikotea osatuko dute. Olaizola II.a-Albisu eta Urrutikoetxea-Untoria izango dira beste bikoteak.