Ezkurdiak Sanferminetako lau t´erdian egon nahi du

Guaixe 2016ko eka. 30a, 09:32

Asteazkenean Jaunarena menperatu ondoren, igandean Retegi Bi edo Altuna III.a izango du aurkari Aspeko adarreko finalean

Sanferminetako lau t´erdiko Aspe adarreko lehen finalerdia jokatu zuten asteazkenean Jon Jaunarenak eta Joseba Ezkurdiak, Mungian. Nahiz eta eskuinarekin pilota ederki astindu, igandean Mendizabal III.aren kontra jokatu ondoren ezker eskua nahiko justu zuela aritu zen Jon Jaunarena. Ezin izan zuen Ezkurdiaren defentsa gainditu eta horrek amorraztera eta akatsak egitera eraman zuen leitzarra: 12 akats egin zituen guztira, tartean sakezko falta bat. Aldiz, arbizuarrak primerako jokoarekin dagoela erakutsi zuen. 0 eta 6 eta 2 eta 14 aurreratu zen eta partida bideratua utzi zuen. Bukaeran, 6 eta 22 irabazi zuen Ezkurdiak. Ongi sentitzen dela, momentu onean, aipatu zuen partida bukaeran. Igandean du burura, Sopelako partidan, bertan jokatuko baita Sanferminetako lau t´erdiko Aspe adarreko finala. Aurkaria nor izango duen ostiralean jakingo du, Logroñoko Adarragan Retegi Bi eta Altuna III.a arituko baitira aurrez aurre, Aspeko beste finalerdian.

Asegarceko adarrean Mikel Urrutikoetxea sailkatu da San Ferminetako lau t´erdiko finala jokatzeko, Aimar Olaizolak uko egin baitzion finalerdian lehiatzeari, lesionatuta dagoelako. Urrutiren kontrako uztailaren 7ko final horretan egon nahiko luke Ezkurdiak.