Ezkurdia finalera

Guaixe 2016ko uzt. 4a, 09:07
Ezkurdiak eta Urrutikoetxeak sanferminetako lau t´erdiko finala jokatuko dute ostegunean.

Urrutikoetxearen kontra jokatuko du sanferminetako lau t´erdiko finala, uztailaren 7an, 11:30ean hasiko den jaialdian

Joseba Ezkurdia sanferminetako lau t´erdiko finalean aritzeko txartela lortu du, Aspeko adarreko finalean Altuna III.ari 22 eta 11 irabazi eta gero. Irribarria eta Retegi Bi bidean uztetik zetorren Altuna III.a, motibazio handiarekin, baina Arbizukoa bere gainetik pasa zen.

Sake-errematearekin ongi hasi zen Altuna III.a, gantxoz tanto politak eginez. Baina Ezkurdiak ez zuen sorpresarik nahi izan eta seira berdindu eta bolea, sake, sake-erremate eta Altunaren akatsei esker alde polita atera zuen, 12 eta 6 aurreratu arte. Ezkurdiaren akats baten ondoren bost tantora kokatu zen Altuna III.a, baina atzera ere agintariaren makila hartu zuen arbizuarrak eta pilotari emandako abiadurari esker tanto bikainak egin zituen, azkenean 22 eta 11 irabazteko.

Ezkurdiak Asegarceko adarreko Urrutikoetxea izango du aurkari sanferminetako lau t´erdian. Uztailaren 7an jokatuko da finala, Iruñeko festetako egun handian, 11:30ean hasiko den jaialdiaren barruan. Aurten lehenengo aldiz nafarrak ez diren pilotariak parte hartu ahal izan dute sanferminetako lau t´erdian. Urrutikoetxea da faborito, baina Ezkurdiak sorpresa eman nahiko du San Fermin egun handian bere alde izango duen Labrit pilotalekuan. Ea txapela Sakanara etortzen den.