Gaztetxokoa martxan jartzeko lehen urratsak

Guaixe 2016ko ira. 27a, 19:04

Begiraleak hartzeko deialdia egin da. Interesatuek udaletxean eman dezakete izena 948 460 017 telefonoan edo info@arbizu.eus e-postan ostegunera arte.

Arbizuko Udalak Kattuka haur eskola azpiko lokaletan gaztetxokoa zabalduko du. 11 eta 14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako zerbitzua izanen da. Zabaltze ordutegia erabiltzaileekin beraiekin adosteko badago ere, udalean aurreikusten dute “gehienbat asteburuetan” zabalduko dela, “ gehienez ere 6-7 ordu astebururo”.

Zerbitzua martxan jartzeko begiraleak behar ditu Arbizuko Udalak eta, horregatik, deialdia egin du. Gutxieneko baldintzak honakoak dira: 18 urte izatea, arbizuarra izatea eta batxilergoa edo LHko erdi-mailako moduluren bat eta C1 euskara maila (titulu edo azterketa bidez frogatua) edukitzea. Begirale titulua eta hezkuntza arloko ikasketak izatea baloratuko dute. Izena ematen dutenek proba bat egin beharko dute: txosten bat aurkeztu beharko dute, ahoz, Gaztetxokoa antolatu eta kudeatzeko proiektuaz. Hautaketa prozesuaz aisialdiko enpresa bat arduratuko da.