HOBIAK

Zoila Berastegi

kolaboratzaileak

Aspaldi, diote. Baina zenbat da aspaldi ahaztu ez duenarentzat? Egun guztiak berdin zenbatzen ote dira? Eta gauak? Zenbat irauten du gau batek begiak itxi ezin dituen batentzat? Euria bota omen du ordutik. Jaiotzen ikusi ninduen lur honetan, ez da harritzekoa, berdea egarri baita gehienean.

Eguzkiak ere badaki berotzen, gero eta hobeki, baina orduan hegoaren hegoak ere ez gintuen goxatzen. Hotzak akabatzen ginen; gorputzak dardarka eta hortzak karraska. Urdailak hutsik izateak ez zuen gehiegi lagunduko, seguruen. Etxeko sutondoan ipurdia deskaruz berotzen zuten lapikoak amets.

Ametsak ere elikatu egin behar, eta haiek ere, gure gorputzen moduan, hezurretan ziren momentu hartan. Baina bat-batean iritsi zen Ametsa, hizki larriz. Bizitza honetan “handia” adjektiboa eraman dezakeen edozer bizipen bezala: ezustean. Eta hark ireki zuen atea. Eta orduan hasi nintzen korrika.

Ez neke, ez gose, ez beldur. Ezpartin apurtu pare bat eta bi zango. Besterik behar al da korrika egiteko ? Bai. Behar da bai. Askatasuna egi bihurtzeko beharra, gogoa edo ilusioa. Eta hirurak elkarrekin badatoz, arinago egiten du korrika batek. Eta ez dakizu nor den txori, nor haize eta nor zu zeu.

Batzuetan gauzak nahastu egiten dira. Oroitzen dudan azkena nire bihotzaren lehertu beharra eta nire burezurraren lehertzea. Segundo bat bitan zatitzerik badago, horixe nahikoa.

Burezurra zulatua dut ordutik baina izen eta abizenak izaten jarraitzen dut. Gainean dut harri hau, behin norbaitek egia aireatu ez zedin jarria. Baina oraindik ez du inork altxatu eta nik hemen jarraitzen dut baso honetako zulo honetan. Aspaldi izan zen…