Arbizuko Txistor eguna eguerdian bukatzen zela eta hari segida emateko Nafarroako Trikitixa Eskolen arteko I. Jaialdia izanen da aurten. Patxi Agirre arbizuarra izan da jaialdia antolatu duena. Hark azaldu digunez, jaialdiak “eskoletako jendea elkar ezagutzeko balioko du”.
Jaialdian parte hartuko duten eskolek gehienez 10 musikari ekarriko dituzte, nahiz eta ikasle gehiago izan. Eskola bakoitzak bina pieza joko ditu. Agirrek iragarri duenez, batzuek trikitixa eta panderoa joko dute, baina izanen da kantatzera animatuko denik ere. Jotako dituzten airean dantzatzerik egonen den galdetuta, Agirrek “plaza hor dago” erantzun digu. Jaialdia musikari guztiek elkarrekin despedituko dute. Oholtzan Lizarra, Lekunberri, Zizur, Txantrea, Berriozar, Etxalar, Lesaka, Elizondo, Olatzagutia eta Arbizuko musikariak izanen dira.
Nafarroako Trikitixa Eskolen arteko I. Jaialdia Arbizuk hartuko badu ere, hurrengo urteetan beste herriren batetik deitzen badituzte, beste nonbait ospatuko dela azaldu digu Agirrek. Sakanan trikitixak duen osasunaz galdetuta arbizuarrak “ona” dela esan digu: “duela urte batzuetako kopuruak mantentzen dira”. Pozik dago, gainera, “Iruñea aldean jende asko dago. Gauzak egiteko gogoa ematen du”.