Kaiola: Ezkurdiak Retegi Bi izango du aurkari Altsasun

Guaixe 2016ko urr. 10a, 09:29

Lekunberrin Arretxe II.a hartu zuen menpean arbizuarrak, polemika tarteko. Ostiralean, Altsasuko ferietan antolatutako jardunaldian, Retegi Bi du zain Ezkurdiak, Irujo botillero duela

Lau t´erdiko final zortzirenetan egin zuten topo Joseba Ezkurdiak eta Arretxe II.ak, igandean. Lekunberrin jokatutako partida erabakigarri horrek denetarik izan zuen, polemikako tartea baita ere. Eta egoera nahasi horretan Ezkurdia moldatu zen Arretxe baina hobe. Bestalde, partidak beste ikusmin handi bat zuen: Juan Martinez de Irujo kantxan ikustea. Izan ere, Iberokoa Joseba Ezkurdiaren botillero izango da lau t´erdian.

Partida hasi eta 2 eta 0 aurreratua zegoela, ezker eskuarekin pilotakada ematerakoan lepoan kalanbre bat nabaritu zuen Arretxe II.ak. Oinazeak zituela, aldageletara joan zen Luzaidekoa eta kantxara itzuliko ote zen zalantza piztu zen. Baina kantxara itzuli zen eta partidak bere horretan jarraitu zuen: pilotariek ez zuten erritmo egokia hartzen eta biak paretsu ibili ziren, tantoak bataren eta bestearen aldera erori ziren. Ezkurdia zen faboritoa, baina ez zegoen batere eroso faborito izatearen presio hori nabaritzen hasi zen. Eta testuinguru horretan, Arretxe 12 eta 11 aurreratua zegoenean iritsi zen polemika. Ezkurdiaren errestoak txapa ukitu ote zuen, hori zen zalantza. Arretxek ez zuen jokaldiarekin jarraitu, bere ustetan Ezkurdiaren errestoak txapa ukitu zuelako, baina arbitroak, aldiz, ontzat jo zuen Ezkurdiaren errestoa. Arretxe II.ak protesta egin zuen, baina arbitroak ez zuen erabakia aldatu.

Hortik aurrera jokoa aldatu zen. Arretxe despistatu egin zen, eta, aldiz, Ezkurdiak 4 tanto egin zituen segidan eta, 18 eta 13 aurreratu zen. Azkenean, arerio konplikatua den Arretxe II.ari 16 eta 22 irabazi zion arbizuarrak, lau t´erdiko final laurdenetarako sailkatuz. “Sufritzen jakin dut eta partida aurrera ateratzen” azaldu zuen arbizuarrak bukaeran. Arretxe, berriz, haserre zegoen. “12 eta 11 eta, nola ez, beste behin arbitroa nire kontra okertu egiten da. Pilotak txapa jo du” adierazi zuen Luzaidekoak.

Hurrengo arerioa: Retegi Bi
Ostiralean, Altsasuko ferietan, Ezkurdiak Gorka bidean uztetik datorren Retegi Bi izango du aurkari Joseba Ezkurdiak. “Uste dut final laurdenetako ligaxkan partida gakoa izango dela hau. Galtzen duenak hanka bat baino gehiago izango du kanpoan eta irabazten duenak gerra ematen jarraituko du” adierazi zuen Juan Martinez de Irujo, Ezkurdiaren botilleroak. Altsasuko partidak ikusmin handia sortu du, ez bakarrik Ezkurdia eta Retebi Biren arteko lehiak nola bukatuko duen ikusteko, baizik eta botillero lanean Irujo eta Julian Retegi nola moldatzen diren ikusiko baitutelako pilota zaleek, oilarren beste borroka batean.

Sarrerak
Aurretik erreserbatzeko 661 251 009 telefonora deitu. Bestela, partidaren egunean txarteldegian, 21:00etatik aurrera.

Lau t´erdiko final laurdenen ligaxka
Ostiralean, 22:00etan, Altsasun: Ezkurdia / Retegi Bi (ETB1, ntb)
Larunbatean, 18:00etan, Etxebarrin: Irribarria / Victor
Larunbatean, 17:45ean, Iruñean: Olaizola II.a / Bengoetxea VI.a
Igandean, 17:00etan, Eibarren: Urrutikoetxea / Altuna III.a (ETB1, ntb)