Igandean jendetza bildu zen Arbizun Txistor egunak erakarrita. Trikitilarien doinua lagun, primerako giroa izan zen Arbizuko karriketan. Plazan, ohi denez, txistor pintxoak eta ardoa eskuratzeko aukera izan zuten bisitariek. 120 kilo txistor prestatu ziren pintxotarako, Embutidos Arbizu, Flores hestekiak eta Laketek emanak. Eta inor gosez ez uzteko, aurten ere euskal txerri bat erre zuten eta pintxotan banatu. Garbian 110 kilo pisatu zituen txerriak eta 11 ordutan erretzen egon ondoren makina bat izan ziren hura dastatu zutenak. Ez zen alerik gelditu. Azokan makina bat salgai izan ziren eta txerri zatiak nola lantzen ziren eta gazta nola egiten den zuzenean ikusteko aukera izan zen.
Txistor pintxo lehiaketara zazpi proposamen aurkeztu ziren. Karrika tabernako sukaldari Mikaela Etxeberriak aurkeztutako Ipurgorri izan zen epaimahaiak saritu zuen; patataz, piper kremaz, goxatutako tipulaz eta txistorraz egina zegoen. Arbizuko Udala oso kontentu zegoen festaren erantzunarekin eta festa "herritarren inplikazio eta lanarengatik" posible dela nabarmendu zuen.