Finalerdien atean

Guaixe 2016ko urr. 31a, 09:36

Ezkurdia Lau t´erdiko finalerdietatik kanpo geratu da, Oinatz Bengoetxeak 22 eta 6 irabazi eta gero

Lau t´erdiko finalerdietarako sailkatzea zuten jokoan, larunbatean, Joseba Ezkurdiak eta Oinatz Bengoetxeak. Labrit pilotalekua betea eta giro paregabea zela, lehia oso estu eta borrokatua espero zuen katedrak. Apustuak parean irten ziren eta pilota zaleen ikusmina handia zen. Baina ez zen, inondik inora, aurreikusitakoa bete. Egun benetan txarra izan zuen Joseba Ezkurdiak. Ezinean aritu zen. Horri, partida erditik aurrera gerrian nabaritu zuen ziztada gehitu behar izan zitzaion. Emaitza, gogorra: 22 eta 6 irabazi zion Bengoetxeak Ezkurdiari.

Lotuta, ezinean
Material aukeraketan esana zuen Ezkurdiak, Bengoetxea VI.aren kontra hasierak oso garrantzitsuak zirela eta hasieran adi egon beharko zuela, leitzarra ez aurreratzeko. Baina larunbateko Ezkurdia ez zen azkenaldiko Ezkurdia izan. Ez zuen bere maila eman, inondik inora. Bere mailatik oso urruti ibili zen. Kateatuta jokatu zuen, kolpea askatu ezinik eta pilotari bere abiadura eman ezinik. Horrela, partida hasi eta 7 eta 2 aurreratu zen Bengoetxea. Leitzarrak bi huts egin zituen segidan eta 7 eta 4koarekin partidan sartuko zela uste zuten pilotazaleek, baina, tamalez, ez zen halakorik gertatu. Bengoetxea, zuzenean, 21 eta 4kora joan zen. Egia esan, guztiz lotuta zegoen aurkariaren aurrean, aparteko ezer ez zuen behar izan leitzarrak tantoak bere alde pilatzeko, baina onartu beharra dago bere jokoa ongi garatu zuela eta partidaren erritmoa berak agindu zuela; sakearekin ziur, gantxoarekin trebe eta kantxan aginduz, estrategia ongi atera zitzaion leitzarrari. Ezkurdiaren une latzenak izan ziren haiek. Bengoetxeak oinak bilatu zizkion Ezkurdiari, bere boleoa ekidin eta arbizuarra makurtzera behartuz. Gainera, Ezkurdia errestoan ere pattal aritu zen eta hainbat huts egin zituen. Horri partida erdialdean gerrialdean nabaritutako ziztada gehitu behar izan zitzaion, ibiltzean ere oinazea zuela nabari zitzaiola. Bengoetxea VI.a 21. tantora iritsi zenean, bi tanto egin zituen arbizuarrak, baina sakeko falta bat egin zuen segidan eta horrela despeditu zen partida, oso hotz, Labriten bildutako pilota zaleak geratu ziren bezala. Partida txarra egiteaz gain, arazo fisikoekin bukatu zuen arbizuarrak eta larunbateko partida ahaztea kosta egingo zaio.

Gainetik pasa zitzaion
“Gainetik pasa nau. Ez naiz eroso ibili eta ez dut pilota nahi bezala mugitu eta kokatu. Batetik bestera korrikan ibili naiz… Haserre nago, mina hasi denean burua ere partidatik joan zait. Ez dut sufritzen jakin. Gaurkoa bezalako egunek ikasteko balio dute” azaldu zuen, partida bukaeran, Ezkurdiak. Aldiz, leitzarrak adierazi zuen “partida perfektua” atera zitzaiola eta pilota baxuak bilatzen saiatu zela, “Ezkurdiari mina egiteko”. Zalantzarik gabe, ongi atera zitzaion plana.

Hortaz, finalerdien atean geratu da, beste behin, Joseba Ezkurdia. Aimar Olaizolak, Oinatz Bengoetxeak, Jokin Altunak eta Mikel Urrutikoetxeak jokatuko dute Lau t´erdiko finalerdia. Onenak irabazi dezala.