Lantegia arriskuan jarri zezakeen lur mugimendua kontrolatuta

Guaixe 2016ko aza. 4a, 09:42

Industrialdearen hirugarren eta azken zatia egiterakoan, 2011n, berde gunea, dotazioetarako tokia eta zegokion berde gunea iparraldean, Lizarragabengoa aldera, jartzea erabaki zuen udalak. Industrialderen zati batean enpresa bat ezarri ondoren, udala konturatu zen berdegunearen aldameneko lurra aldameneko larrera irrist egiten ari zela.

Larreetan ez zuen kalte handirik sortu, baina udalak kezka zuen: lurrak behera egiten segituz gero ondoko lantegiko zimenduei eragin egin ziezaiokeen. Kalteak sor zitezkeen eta horrek kalte-ordainak pagatzea ekarriko luke. Udalak geoteknia enpresa bat kontratatu zuzen eta joan den urtean euste drainatzea egin zuten. Karmele Marañon Chasco alkateak azaldu digunez, premiazko lanen segida joan den astean despeditu zen: “haitzeraino iristen diren porlanezko piloteak egin dira. Pilote horien gainean harri-lubeta egin da. Lur mugimenduak eragozteko ura ere egoki bideratu da.

Alkateak azaldu digunez, joan zen urtean 30.000 euro bideratu zituzten lan horietarako. Aurten 197.500 euro izanen dira. Inbertsioaren tamaina handia zenez eta udalak horri guztiari erantzun ezin zioenez, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatu zion udalak. Gaurko bilkurak gobernuak Arbizuko Udalari %80ko diru-laguntza ematea erabaki du. Ezohiko kreditua emateko Foru Legea onartu du gobernuak.