Gaur afaltzera 12 kinto hauek elkartuko dira: Andoni Goikoetxea, Unai Flores, Aitor Mendinueta, Ane Mayo, June Garzia de Albeniz, Naroa Mendiola, Urtzi Nazabal, Garazi Razkin, Irantzu Zelaia, Itsaso Enriquez, Nerea Egiluz eta Maider Suberbiola. Afaldu ondoren, makina bat gazte batuko zaizkie Argi Bidea elkartean eginen den parrandan. Eta, bihar, Arbizun hiri-ihotea ospatuko denez, kintoak ere mozorrotu eta festan parte hartuko dute.
Igande goizean, atzera ere, kalean izanen dira. Orduan, kinto eskeari ekiteko. Bonboaren eta trikitilarien laguntzarekin etxez-etxe ariko dira parrandako gastuak estaltzeko ditu eske. Lanak eginda, bazkaltzera eseriko dira. Mahaitik kanpo denbora gutxi emanen dute, afaltzera berriro jarriko direlako. Eta handik jasotakoan Tolosako ihoteetara joanen dira, festara. Astelehenean, kinto-eskea enpresetara iritsiko da. Bazkari-afariak eginda, atzera ere, Tolosarako bidea hartuko dute kintoek.
Asteartean bazkaltzera elkartuko dira kintoak. Herri-ihotearen eguna denez, hainbat egiteko izanen dituzte. Hasteko, arratsaldeko haurrendako jokoak eta txokolate-jana prestatu beharko dituzte. Gauean erreko diren ihoteko pertsonaiak, aittun handiya eta amiñ txikiya prestatuko dituzte. Eta haiek akaboa ikusi eta gero, afaltzera bilduko dira. Herrian parranda eginez despedituko dute festa.