Arbizu Laburbiraren 32 egoitzetako bat

Guaixe 2017ko mar. 15a, 19:14

Zortzi euskarazko film labur berezi ikusteko aukera eskainiko du apirilaren 2an, 18:00etan, udaletxeko batzar gelan.

Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen euskarazko film laburren zirkuitua da Laburbira. 14. edizioa du aurtengoa Laburbirak. Martxoaren 3tik apirilaren 7ra 32 herritan izanen da euskarazko film laburren zirkuitua, bai Euskal Herrian bai atzerrian. Laburbirarekin Euskaltzaleen topaguneak euskarazko film laburrak eta haien egileak ezagutaraztea da, ikusleek haiek ezagutu eta beraiekin gozatzeko aukera emanez.

Aurtengo edizioan parte hartzeko 22 lan aurkeztu ziren eta antolakuntzak haietako zortzi aukeratu zituen: Oier Fuentesen Azken Saskia, Ageda kopla taldearen Beti bezperako koplak, Alejandro Diaz Castañoren Ihesa, Ibon Izaren Elemakarrak, Eki Pagoagaren Jalgi, UDA Filmsen 280º eta Kepa Sojoren Hileta. Gainera, EUSPOT lehiaketako spot onenak ikusteko aukera eskainiko du Laburbirak.

Euskaltzaleen Topaguneak, euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileei bultzada emateko, Laburbirarekin batera beste hiru egitasmo ere antolatzen ditu: Kameratoia film laburren rallya, Benito Ansola Saria eta Irudienea ikus-entzunezkoen gunea, Durangoko Azokan.

Zozketa
Emanaldien ondoren ikusleek iritzia emateko aukera izanen dute galdetegi baten bidez. Guztien artean landetxe batean egonaldia zozketatuko da.