Ipuin ezagunaren bertso-bertsio arbizuarra

Haur arbizuarrek bertso ipuinean oinarrituta egindako marrazkietako batzuk.

Liburuaren eguna dela eta hainbat jarduera izan ziren joan den astean Arbizuko udal liburutegian. Horien artean Josema Leitzak asmatutako Hiru txerritxoak Sandindegin bertso-ipuina marrazteko tailerra izan zen. Egileak berak azaldu digunez, “ez dakit ipuinaren barruan beste ipuin bat den, edo ipuin ezagunaren beste bertsio bat”. Ipuineko pertsonaia ezagunak oinarri gisa hartu zituen Leitzak, “baina gainean daramaten kartoizko izaera alde batera utzi eta hezur-haragizko bihurtzen dira. Eta inongoak eta nonahikoak izatetik Arbizuko Sandindegiko zotolakoak izatera pasa dira. Kiroldegian ibiltzen dira, liburutegian, soziedadean...”

Leitzak bertso-sorta liburutegiko otsaileko ipuin-irakurraldirako prestatu zuen. Egileak azaldu digunez, “lauko txikiak dira narraziotan erabilitakoak, eta Ene Kantak bildumako Astonautak sortako Ilargi Amandrea doinua leloa eta testualizazioan. Testu soilari musika, erritmoa, errima edo kadentzia desberdinak eranstean sortzen den giroa berezia izaten da. Irakurtzeko baino, entzuteko eta ikusteko testua sortzen da”. Guztira 65 kopla inguru dira, edo 20 minutuko emanaldia.

Arbizuko bertsolariak esan digunez, aipatutakoa da orain arte paperean duen bertso-ipuin bakarra, “baina beste batzuk baditut buruan, denbora dudanean idazteko prest”. Ez zaio burutik bertso-ipuina argitaratzea pasa. Ikus-entzunezko gisa aukera legokeela iruditu zaio. Esopo eta Fedroren 40 fabula bertsoz jarriak ditu, “batzuetan itzulpen literala eta beste batzuetan bertsio askea. Ikasmaterial bezala erabiltzen ditut eta horiekin zer edo zer egin litekeela iruditzen zait”.


Nor dator haurrendako ipuin bat irakurtzera?
Izenburu horrekin, Arbizuko liburutegian ipuin-irakurraldiak egiten dira hilean behin, 2015eko irailaz geroztik. Iraila eta maiatza bitartean, hilabetero arbizuar heldu bat pasa izan da herriko txikiei ipuinen bat kontatzea. Horrela, haurren irakurzaletasuna eta istorioak adi entzuteko gaitasuna landu nahi dute. Eta, aldi berean, gurasoei ere nabarmendu nahi diete zein garrantzitsua den beren seme-alabekin ipuinak eta istorioak partekatzea.

Edozein arbizuar aritu daiteke haurrei ipuinak kontatzen, liburutegitik pasatu beharra dauka horretarako. Makina bat izan dira orain arte ekimenean parte hartu dutenak: Pello Reparaz, Joseba Ezkurdia, Olentzero eta Mari Domingi, Hassana Aalia, Maia Ginea, Arbizuko Bilguneko emakumeak, herriko haurrak, Castillo Suarez, Pello Lazkoz, June Gartzia de Albeniz eta Ane Lizarraga (Sakanako futbol taldekoak), eta herriko 6 emakume. Urtero errepikatzen duen baten bat badago, esaterako, Maia Gineak ilbeltzeko aurreneko astean Kamishibai ipuinak kontatzen ditu eta izugarrizko arrakasta izaten du.


Liburu aurkezpena
Gaur, 18:00eta, Laura esaten zioten, Miren Odriozolaren borrokak liburuaren aurkezpena eginen da udaletxeko batzar gelan. Leire Ibargurenek idatzitako liburu horretan Miren Odriozolaren bizitzaren berri ematen du: ETAko kide, Francoren kartzelak ezagutu zituen; borroka feministaren parte izan zen; joan den mendeko 80ko hamarkadan El Salvadorren FMLNn izandako parte hartzea edota Auzitegi Nazionalak Udalbiltzan egindako lanagatik auziperatu zuela, besteak beste.