Haur eta helduak elkarren ispiluari begira

Guaixe 2017ko mai. 19a, 12:11

Arbizuko Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) haurrei eta haien gurasoei zuzendutako tailerra antolatu dute. Ispiluari begira izena du eta Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleei eta haien gurasoei zuzenduta dago. Tailerraren bidez gurasoen hizkuntza-ohiturez eta eredugarritasunaz hausnarketa bulkatu nahi da. Horretarako abiapuntua haurren begirada izanen da, eta lan-eremua haien inguru hurbila; etxea, ikastetxea eta kalea. Gaia, berriz, eguneroko harremanetan sortzen den komunikazio-hizkuntza.

Arbizuko Udaletik azaldu dutenez, ikastetxea eta etxea dira, zalantzarik gabe, heziketaren zutabe nagusiak. Irakasleak eredu dira haurrendako, eta baita gurasoak ere. Tailerrari dagokionez, bi alde ditu. Haurrek ariketa bat eginen dute errealitatea modu bisual batean, kolore eta marrazkien bidez adierazteko. Era horretan, bakoitzak eguneroko hizkuntza-ohiturak deskribatuko ditu. Segituan, haurrek haien lanaren aurkezpena eginen diete helduei. Ondoren, elkarrekin errealitate horretaz hausnartu eta, aldaketa beharra izanez gero, aukera berriak aztertuko dituzte.

Maiatzaren 27an
Larunbatean, 11:00etatik 13:00etara, udaletxean izanen da tailerra. Asteazkenera arte eman daiteke izena  Arbizuko liburutegian (948 017 777 edo liburutegia@arbizu.eus). Dohainik da.