San Juan festak iragartzeko Arbizuko Udalak kartel lehiaketa antolatu du, bi mailetan, helduena eta haurrena. Bietan ere testu bera agertu beharko da lan guztietan: Arbizuko San Juanak 2017 ekainaren 23tik 29ra. Jakina lehiaketan parte hartzen duten guztiek Arbizuko festekin zerikusia duten gaiak aukeratu beharko dituzte ilustraziorako.
Helduen mailan parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ditzake. Haien neurria A3koa izanen da eta edozein teknika erabili ahalko da. Haurren mailari dagokionez, ikasturte honetan Lehen Hezkuntzan eta DBHko 1. eta 2. mailan ikasten ari diren haur arbizuar guztiek parte hartu dezakete. Kartulina batean marraztu beharko dute (50x60 cm) txikiek, nahi duten materialak erabiliz.
Lanak astegunetan, goizez, udaletxeko idazkaritzan, eta, arratsaldez, liburutegian aurkeztu daitezke. Epea astelehenean 14:00etan despedituko da. Lanak plika sistema erabiliz aurkeztu beharko dira. Maila bakoitzean sari bana izanen da, helduendako 150 euro eta haurrendako 50. Argibide gehiago Arbizuko Udalaren web orrian.