Arbizuko San Juanetan herri kirolak bere tokia izanen du. Aurten Emarri taldea etorriko da, emakume tiratzaileen taldea, erakustaldia egitera. Astigarraga, Oiartzun eta Lezoko 12 emakumek osatzen dute Emarri harri tiratze taldea eta Xabier Amurizak berak proposatu zien izen hori. Probalekuetan erakuskaldiak egin izan dituzte eta tartean, maiatzaren 14an 58 plaza, 5 zinta eta 1,70 metro egin zituzten Auzolan probalekuan. Arbizun ere maila bikaina ematea espero dute.
Daniarrekin desafioa
Aurten ere daniar taldea etorri da Arbizuko ekokanpinera. Iazko sanjuanetan daniarren eta arbizuarren arteko herri kirol desafioak segida izanen du aurten ere, larunbatean, 19:30ean hitzordua jarri baitute Arbizuko plazan. Daniarrak herri kiroletan behar bezala jantzi ote diren ikusteko aukera polita, larunbatekoa.