Arbizuko eskola publikoak Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo osoa eskaintzeko legezko bete beharrak betetzen ez duen Nafarroako ikastetxe bakarra da. Arbizuko Udalak, Hezkuntza Departamentuarekin batera, egungo eraikinak eskaini zitzakeen aukera guztiak aztertu ondoren, "ikastetxe berria egitea beste aukerarik ez zegoela ondorioztatu zen", esan du Karmele Marañon Chasco alkateak.
Hezkuntza Departamentutik Arbizuko Udalari jakinarazi zioten garagarrilerako 4.000 metro karratuko lursail egokia emanez gero bera prest zegoela gastuak bere gain hartzeko. Udalak halakorik ez zuen, baina lau kokaleku aztertu zituzten: kiroldegi ondoan, jubilatu elkartearen atzeko aldean, haur eskola ondoko belardian eta horren parean, Leziza ubeldearen bestaldean, Akerrauntza kalearen akaberan. Azken horren alde egin dute.
Eskola berria jasotzeko lurra eskuratu eta urbanizatzeko lur-jabeekin akordioa lortu dute. Arbizuko Udalak aurki inguru hori urbanizatzeko lanak emateko deialdia eginen du. Hezkuntza Departamentuaren asmoa da lanei udazkenean ekitea ikastetxeko lanak 2018ko udarako despedituak egoteko. 2018-2019 ikasturtean eskola berrian hasiko lukete ikasleek. Arbizuko alkateak jakinarazi digunez, energia kontsumo txikia izateko irizpideak hartuko dira eskolaren eraikuntzan kontutan.