Aurreko egunetan bezala Labrit gainezka zegoela, eta sanferminetako primerako giro horrek lagunduta, ikusgarri jokatu zuten Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak atzo gauean. Olaizola II.a eta Albisu zituzten aurkari eta sari potoloa zegoen jokoan: Sanferminetako Binakako Torneoko finalera pasatzea. Olaizola II.ak eta Albisuk partida bikaina egin zuten Altuna III.a eta Zabaletaren kontra, Ezkurdiak eta Rezustak bezala, eta gehiago espero zen goizuetarraz eta gipuzkoarraz. Baina arbizuarrak eta Rezustak lezio bikaina eman zieten eta biharko finalerako sailkatu ziren, meritu osoz. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Beroiz izango dituzte aurkari finalean (ostiralean, 17:00etan. ETB1).
Egunotan hainbat oinaze edo molestia sumatu ditu Joseba Ezkurdiak, baina badirudi atzo guztiak pasatu zitzaizkiola. Bikain ibili zen. Primerako defentsa egiteaz aparte, erasoan fin ibili zen eta nahi izan zuen guztia atera zitzaion. Atzeko koadroetan ere Rezusta sendo ibili zen. Lehia polita izan zuen Albisurekin, baina Rezusta seguruago ibili zen; aldiz, akats gehiago egin zituen Ataungoak. Horrela, Aimar Olaizola eta Albisu jokoz kanpo utzi zituzten eta primerako saria lortu zuten: sanferminetako finala jokatzea. Partida bukaeran Ezkurdiak aipatu zuen “oso kontentu” zegoela finalera sailkatzeagatik, “Rezustarekin jokatzea plazerra” dela eta “gau ona” izan zuela, dena ongi atera zitzaiolako. Oinatz Bengoetxearen eta Mikel Beroizen kontrako finala oso konplikatua izango dela gaineratu zuen, “torneo bikaina” egin dutelako. Halaber, Mikel Beroiz berriro ere puntan ikusteagatik asko pozten zela aitortu zuen arbizuarrak.
Bi bikoteek ostiralean jokatuko dute final handia, Labriten 17:00etan hasiko den jaialdian (ETB1). Aurreko urtean Logroñoko sanmateotako feria irabazi zuten Ezkurdiak eta Rezustak; ea aurten sanferminetakoa lortzen duten.