Irudi bat: Artea edo/eta Mezua

Katrin Ginea 2017ko urr. 6a, 08:03

kolaboratzaileak

Asteburu honetan Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdia despeditu da, eta 33 egunez 11 erakusketa ezberdin ikusteko aukera egon da. Irailaren 23an Arantza Floresekin batera Getxoko hainbat espaziotan aurkitzen ziren irudi erakusketa andanak ikusi eta bizi ahal izan genituen.
Eta zergatik dut gogoko Getxophoto jaialdia… Ba berezitasun ugari dituelako. Getxophoto ez da ohiturik gauden erakusketa “tipiko” horietako bat. Irudiak ez ditugu sala batean kokaturik ikusiko, edo ez gara ordutegi batera mugaturik egongo, adibidez.
Espazioa. Getxophotoko erakusketa gehienak Algortako kaleetan daude kokaturik, edifizioen paretetan, Punta Begoñan… argazkiek bat egiten dute herriko bizimoduarekin.
Beraz, Getxophotoko erakusketa gehienak edozein momentutan bisitatu daitezke, modu librean eta dohainik. Nahiz eta bisita gidatu batzuetaz gozatzeko aukera izan.
Merkatuan kokaturik dagoen Henk Wildschut-en erakusketa adibidez, gaur egungo elikadura formaren inguruko gaiarekin dago lotua, eta animalien argazkiak ikusten ari zaren bitartean Amsterdameko oilo fabrikara garraiatu zaitezke bertako usainak hartara laguntzen duelako.
Tematika. Urtero egunerokotasunean dauden gaien inguruko erakusketak aukeratzen dituzte. Gai sozialak, denok ukitzen gaituzten gaiak, hala nola, pobrezia, gerra, gerra ondoren ahazturik dauden herrialdeak, ekonomia, ingurumena…
Aurten “Trantsizioak” gaia aukeratu dute. Mundu eta gizarte tradizionaletik globalizaturako trantsizioa eta honen ondorioak.
Begirada. Azkenik, eta niretzat garrantzitsuena, Getxophoton parte hartzen duten argazkilari asko ofizioz ez dira argazkilariak, argazkilaritza hobby bezala dute, baina beraien eguneroko bizimoduagatik, edo egunero inguruan ikusi behar izaten dutenagatik mezulari bihurtzen dira.
Horregatik, niretzat argazkilari on bat izateko ez da kamerarik hoberena behar, edo ikasketa handirik behar, nahiz eta hauek kalitatezko irudiak ateratzeko oso baliogarriak izan, baizik eta objektibo baten atzean jarri eta errealitate bat kontatzeko kapazitatea izatea da niretzat argazkilari izatea.
Getxophoton argazki politak badaude, bai noski, gainera gehienetan, argazki hauek dira irudia deskribatzen hasten zarenean gai aldetik errealitate gordin bat erakusten dutenak. Baina Getxophoton ere badaude argazki ez hain artistikoak direnak, eta egileak bere, edo bere inguruko errealitatea erakusteko ezinbestekoak diren irudiak aukeratu dituenak.
Datorren urteraino ez dugu Getxophotoz gozatzeko aukerarik izango, baina urriaren 20tik azaroaren 19ra Gasteizko Montehermoso kulturunera gerturatzeko gonbitea egiten dizuet. Bertan World Press Photo, prentsa argazkilaritzako sari prestigiotsueneko argazkiez gozatzeko aukera izango duzue eta.
Beraz, gaur egun denok dugu gure sakelako mobilarekin argazkiak egiteko aukera, eta inguruan zirika egiten dizun guzti hori imajinetan irudikatzea animatzen dut jende guztia, agian egunen batean zuen izena eta irudiak Getxophoton ikusteko aukera izango duzue eta.