Joseba Ezkurdia arbizuarra lau t´erdiko final-laurdenetako ligaxkarako sailkatu da, larunbatean Labriten jokatutako final zortzirenetako kanporaketan Aitor Mendizabali 11 eta 22 irabazi eta gero. Neurketak 47 minutu iraun zuen eta, guztira, 252 pilotakada jo ziren.
Hasiera estua izan zuen partidak. Bizi jokatuz eta pilotari abiadura emanez 3 eta 0 aurreratzea lortu zuen Mendizabalek. Mendizabalek Ezkurdia estutu zuen, baina arbizuarrak sufritzen eta pazientzia izaten jakin zuen eta, gutxinaka, tantoak egiten hasi zen. Horrela, 5 eta 7, 6 eta 9 eta 10 eta 12 aurreratzen hasi zen Ezkurdia. Mendizabalen abiadura eta bizitasunak behera egin zuen, eta hortik aurrera, Ezkurdia gailentzen hasi zen: gehiago jo zuen eta hobeto mugitu zuen aurkaria.
Horrela, 11 eta 14koan Ezkurdiak partida hautsi zuen. Pilota motelago bat aukeratu, eta hortik aurrerako tantoak bata bestearen atzetik egin zituen arbizuarrak. Faboritoa zela erakutsi zuen, eta garaipena lortu zuen: 11 eta 22.
Irabazi eta gero, lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkan dago Ezkurdia. B multzoan dago arbizuarra, Urrutikoetxearekin eta Altunarekin. Laugarren kidea zein izango duten gaur, astelehenean, jakingo dute, Tolosako Beotibarren Artolak eta Lasok jokatuko duten partida eta gero. Irabazlea final laurdenetarako ligaxkarako sailkatuko da eta, hain zuzen ere, Joseba Ezkurdiaren arerioa izango da ligaxkako lehen jardunaldian.