Eguraldia lagun, Txistor Egunaren 9. edizioak jendetza erakarri zuen Arbizura. Frijitutako txistorraren usainari aurten patatekin nahastutako txitxikiarena gehitu zitzaion. Pintxo moduan, ardoa lagun, 2.500 bat pintxo banatu zituzten. 100 bat kilo txistor herriko ekoizle Arbizu, Flores eta Laket enpresek emanak.
Ohi bezala, arbizuarrek, eguneko beste protagonistek, hainbat erakustaldi egin zituzten. Garai batean etxean egiten ziren erara prestatu zituzten txistorrak eta tripotak, sagardoa, txantxiorrak, gazta, artaporkak… Eliz ondoan egindako zotolan euskal arrazako txerriak ikusgai izan ziren. Kale Nagusian 30 bat salmahaiz osatutako azoka izan zen. Bisitariek hartan ekoizleekin hitz egin eta haien produktuak erosteko aukera izan zuten, esaterako: gazta, eztia, ogia, txokolatea, berdurak, txistorra eta artisau produktuak.
Txistorra pintxo lehiaketara zortzi parte-hartzaile aurkeztu ziren. Andra Mari ikastola ordezkatu zuten Esther Razkinek, Mila Berastegik eta Maite Berastegik aurkeztutako pintxoa izan zen lehen saria irabazi zuena. Txerri hankak, txistorra, onttoak, galeper arrauntza eta ontto saltsaz egindako pintxoa aurkeztu zuten. Horrek 300 euroko saria eta txapela merezi izan zien. Epaimahaiak erabakia aho batez hartu zuen. Beste parte-hartzaileak honakoak izan ziren: Kiroldegi taberna, Kafe Antzokiko langileak, Baxerri jatetxea, Arrautseko taberna, kanpineko biziozaleak taldea, Karrika taberna eta Zabalarte. Bitartean Nafarroako hainbat txokotatik etorritako trikitilariek eta Arbizuko fanfarreak txistor Egunari soinu banda jarri zioten.
Ospakizuna 50 bat arbizuarren auzolanak egin zuen posible. Heldu den urtean Txistor Egunak 10 urte beteko ditu. Aurtengo balorazioa egitearekin batera, urteurren borobila prestatzen hasi dira udalean, “hurrengo urtekoa festa bikaina eta berezia izan dadin”.