Joseba Ezkurdiak ongi hasi du Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxka. Ostiral gauean Altsasun jokatutako ligaxkako lehen jardunaldian, Artolari 22 eta 14 irabazi zion arbizuarrak.
Sakea izan zen arbizuarraren armetako bat. Ezkurdiarendako botillero lanak egin zituen Juan Martinez de Irujok adierazi zuen sakea funtsezkoa izango zela, eta horrela izan zen. Ezkurdiak berak onartu zuenez, sakea entrenatzen ibili da egunotan eta nabaritu zitzaion. Hobeto egin zituen sakeak, pilota indarrarekin atera zitzaion eta partida ongi planteatu zuen. Eta akats gutxi egin zituen.
Hala ere, hasieran parez pare ibili ziren bi pilotariak. Laura eta zortzira berdindu zuten. Baina hortik aurrera Arbizukoa gailentzen hasi zen. 7 tanto egin zituen segidan. Artolak 18 eta 13 gerturatzea lortu zuen, baina zaleak zutitu zituen tanto bikainei esker, azkenean, 22 et a14 irabazi zuen arbizuarrak. “Sakea entrenatzen aritu naiz eta emaitzak onak izan dira, baina oraindik hobetu beharreko gauza asko daude” adierazi zuen Ezkurdiak, lehen puntua poltsikoan zuela.
Bestalde, jaialdia zabaltzen zuen hasierako partidan, Retegi Biri eta Zabaletari 17 eta 22 irabazi zieten Jakak eta Rezustak.
Urrutikoetxea, hurrengo arerioa
Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxkako 2. jardunaldian Urrutikoetxearen kontra aritu beharko du Ezkurdiak. Partida larunbatean jokatuko dute, Bilbon eta material aukeraketa Bizkaia pilotalekuan izanen da, ostegunean, 11:30ean.
Lau t´erdiko final laurdenetako ligaxka
2. jardunaldia:
Ostiralean: Olaizola II.a – Victor (19:30ean, Adarragan.ETB1)
Larunbatean: Urrutikoetxea – Ezkurdia (18:00etan, Bilbon. ETB1)
Larunbatean: Bengoetxea VI.a _ Elezkano (17:00etan, Labriten)
Igandean: Altuna III.a– Artola (17:00etan, Astelenan. ETB1)